Mugikortasuna hobetzeko neurriak, erosketak herrian egiteko

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 1a, 15:36
Anate Iturralde, Ibai Iriarte eta Gorka Arregi

Tolosan mugikortasuna eta garraioan erraztasunak emateko kanpaina abiarazi dute. Eguberriak gerturatzen ari dira eta honekin batera baita erosketak egiteko urteko garairik oparoena ere. Hori dela eta, Tolosa&Co merkatarien elkarteak eta udalak, lankidetzan, hainbat ekimen abiarazi dituzte.

Batetik, larunbatetik martxan den Hiribusaren ibilbide berria da erosketak Tolosan egitera animatzeko neurrietako bat. Izan ere, Hiribusak orain, San Esteban auzotik ere pasatzen da, modu horretara orain gutxi berritutako aparkalekuan geldialdia egiten duelarik. Berrikuntza honi esker, larunbat goizetan, San Esteban auzoan autoa utzi eta herrira joan- etorria egin dezakete herritarrek. 500 bat auto ingururentzako tokia dago San Esteban auzoko aparkalekuan.

Ibai Iriarte Tolosako alkateak aurkezpenean azaldu duenez, astero erosketak egitera Tolosara joaten diren inguruko herrietako herritarrak ez du autoa uzteagatik ordaindu beharko, izan ere, Hiribusa 10:00etatik 14:20era bitarteko bidaietan San Estebanen egingo dute geldialdia. Dena den, ordutegi eta ibilbidearen xehetasunak markesinetan ikusi ahal dira jada.

OTA txartelak, doan

Honekin batera, Tolosa&Co-ko bazkide diren saltokietan 10.000 OTA txartel banatuko dituzte bezeroen artean. Txartelek ordu betez autoa uztea ahalbidetzen dute, eta OTAko edozein zonaldetan erabili daitezke Inauteriak bitarte, hau da, otsailaren 16a arte.

Saltoki bakoitzak erabaki ahal du nola banatu txartelak; "kasu batzuetan ohiko bezeroak sarituko dituzte eta beste batzuetan, aldiz, bezero berriak, hauek erakarri asmoz. Txartelaren aitzakiarekin hurrengo batean Tolosara itzultzea lortu nahi dugu", esan du zentzu honetan Gorka Arregi merkatarien elkarteko lehendakariak.

Bukatzeko, hau guztia zehaztu asmoz diptiko bat argitaratu dute eta Tolosa&Co elkarteko bazkide diren saltokietan eskuratu daitezke, eta baita Topic museoan, Lehiberri zentroan, udaletxean, edo Tolosaldea Tourren nahiz Tolosa&Co-ren bulegoetan. 15.000 ale banatuko dituzte guztira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!