Zerk bultzatu zintuen Barakaldora salto egitea?
Batik bat etxeko gertutasunak. Lleidan urte nahiko gogorra bizitu nuen. Ez zitzaizkidan gauzak ongi atera, eta konfiantzazko entrenatzaile batek deitu ninduen. Etxeko gertutasunak, gertu nengoela jakitea garrantzitsua izan zen.
Zer da Intxaurraga zuretzat?
Amorebietan bi urte on pasa nituen Intxaurragarekin. Realean urte mordoa eman nituen eta hango entrenatzaileekin gustura ibili naiz. Baina bera da futbol munduan konfiantza gehien eman didan pertsona. Oso gustura egon izan naiz eta orain ere hala nago.
Zer gertatu zen Lleidan?
Iritsi eta hasieran entrenatzailearen konfiantza izan nuen. Gauzak poliki eta ondo zihoazen eta gustura nengoen. Gero gauzak okertzen hasi ziren, entrenatzaileak harmailetara bidali zuen lehena izan nintzen, ez nituen hainbeste neurketa jokatu. Horri gehitu behar zaio etxetik urrun nengoela, eta faltan botatzen hasia nintzela. Urtea bukatzeko gogo handia nuen.
Zer egiten zenuen une txarretan, familia eta lagunengandik urruti izanda?
Pisukidearekin oso ongi moldatzen nintzen eta taldean egin nituen beste hainbat lagunek asko lagundu zidaten. Ikasten ere hasi nintzen eta horrek deskonektatzen lagundu zidan.
Zer dira zuretzat familia eta lagunak?
Entrenamendutik iritsi eta aitari ezin esatea zer moduz joan zen.. hori ez nuen Lleidan. Eta futboletik deskonektatzeko garrantzitsua da. Han taldekideekin egon behar nuen. Pertsona guztiak desberdinak dira, baina nik etxekoak oso maiteko ditut, eta gainera gauzak ongi ez badira ateratzen deskargatu behar izaten da norbaitekin.
Ikasi ere egingo zenuen?
Asko. Uste dut orain pertsona gogorragoa naizela. Bizitzako fase guztietan ikasi egiten da, eta une txarretan gaizki pasa arren, ikasi egiten da, bai.
Frustrazioa eragin zuen zugan behin baino gehiagotan bigarren mailako ateetan geratzea?
Frustrazioa ez da hitza. Horra iristeak ere meritua du. Pena izan zen, bai. Beste aukera bat galtzearen sentsazio hori. Baina lanean jarraituz gero, iritsiko delakoan nago.
Zaleen presioa eramateko erraza da?
Nik beti esan izan dut presioa norberak bere buruari jartzen diona dela. Ni oso pertsona exijentea naiz nire buruarekin. Neurketa bakoitzean onena ematea da nire helburua, eta ematen ez dudanean nire buruarekin haserretzen naiz. Batzuetan gertatzen da.
Gustura ez zauden une horietan, norbait hartzen duzu deskargatzeko?
Askotan etxekoak. Aita, ama, arreba... Arrebak asko entzun eta laguntzen dit. Nire bizitzan haserre gehien jasan izan behar dituen pertsona agian bera da. Esan izan diot oso garrantzitsua dela niretzat bera hor egotea, eta bera prest da. Horrek badu meritua.
Elkarrizketa osorik, audioan