.eus domeinua erabiltzeko deia egin die udalak, tolosarrei

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko azaroaren 26a

Ohiko osoko bilkura izan zen atzo, Tolosako Udalean, eta azaroaren 25eko adierazpen instituzionalarekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko mozioa izan zen eztabaidagai nagusi.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzional bateratua nagusi izan zen atzoko osoko bilkuran; alderdi guztiek adostutako testua izan zen, eta plenoaren aurretik ere elkarrateratzea egin zuten, udal ordezkari guztiek elkarrekin.

Inaki Irazabalbeitiak, bere aldetik, horrelako adierazpenik inoiz behar ez izatea etorkizunerako nahitzat aipatu zuen: "Auzi hau, ordea, epe luzeko lasterketa bat da, eta hezkuntzatik bertatik hasi behar da".

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok, bere aldetik, genero indarkeriak uzten dituen datuetan jarri zuen arreta, horien larritasuna azpimarratuz: "Euskal Autonomia Erkidekoan 33 emakume hil ditu indarkeria sexistak, azken 10 urteotan. Espainian, berriz, datua 700dik gorakoa da. Eta, aurten, Gipuzkoan, 1.020 salaketatik gora jarri dituzte emakumeek, biolentzia matxista salatzeko".

Olatz Peonek emakumeenganako indarkeria "diskriminazioaren adierazpenik larriena" dela nabarmendu nahi izan zuen, hedabideetara bidalitako gutunean azaldu bezala.

Azkenik, Ibai Iriarte alkateak begi-bistakoa den biolentziaz gain, "eguneroko milaka kasu sotil" ere gogora ekarri nahi izan zituen: "Larunbat gauetan etxera joateko lagunari itxaron behar izatea edo taxia hartu behar izatea ere bortxa da, eta halako gertakariek ere benetako jazarpena eragiten die emakumeei".

Internet, euskararen etorkizun bideetako bat

Datorren asteazkenean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, eta horren inguruko mozio bat ere hizpide izan zen atzoko bilkuran. Hizkuntzek eta kulturek bizirik irauteko nahiz garatzeko internet beharrezko tresna dutela zioen mozioak, eta, bide horretan, "domeinu propioa izateak euskara plazara duintasunez ateratzea" ahalbidetzen duela.

.eus domeinua da mozioak aipaturiko helburu horiek bete ditzakeen baliabidea, "euskararen komunitatea kohesionatzea helburu duelako, eta euskara gainerako hizkuntzen maila berean kokatzen duelako". Gainera, Irazabalbeitiak azaldu bezala, "tren asko galdu ditu euskarak, baina interneten trenean toki egokian dago, eta bere hiztun komunitateari dagokiona baino komunitate handiagoa du interneten".

Horregatik guztiagatik, Tolosako Udalak bi mezu bidali nahi izan dizkie, herriari, mozioaren bitartez: "Tolosako enpresa, eragile eta erakundeak .eus domeinua erabiltzera bultzatu eta animatu nahi ditugu, eta, aldi berean, beren domeinua .eus domeinura bihur dezaten ere eskatu nahi diegu".

Horrenbestez, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zuten mozioa.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!