EAJk eta PPk "kopeta handia" dutela salatu du Tolosako PSEk

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 20a, 13:21

Lehiberri "hauteskunde kanpainarako" erabili izana salatu dute sozialistek. Era berean, garapen agentziako "proiektuan sinesten ez dutela" eta "modu okerrean" erabiltzen dutela kritikatu dute.

Haserrea eragin dute Tolosako PSErengan azken asteotan EAJko eta PPko kideek Lehiberrira egindako bisitek. Markel Olano urriaren 30ean izan zen Tolosaldeko Garapen Zentroan, eta atzo Arantza Quirogak egin zuen bisita, eta "katxondeotzat" hartu ditu alderdi sozialistak agerpen horiek. 

Komunikabideei helarazi dieten prentsa oharrean diote "Markel Olano diputatu nagusi zen garaian bere alderdia ez zela ekonomikoki konprometitu Lehiberrirekin, eta Espainiako Gobernuak, berriz, pasa den legealdian adostutako milioi bat euroko diru-laguntza izoztu duela". PSEk dioenez, Zapateroren gobernuak bi milioi euro ematea erabaki zuen eraikina altxatzeko eta atontzeko. Horietako bat iritsi zen bigarrena, ordea, PPk atzera bota duela azaldu dute.

Tolosako sozialistek diote "proiektuan sinetsi zutela hasieratik" eta eurak izan zirela Madrilgo gobernua "konbentzitu" zutenak: "Markel Olanogatik balitz, ez litzateke Lehiberri existituko. Ez zuen eurorik eman, eta orain hautagai denez, argazkia ateratzera etorri da. Ez dakigu nola ez den lotsatzen". Pareko kasua iruditzen zaie Quirogarena: "Sinesgaitza da argazkia hemen atera izana, estatuak falta zaion milioia eman ez duenean".

EH Bildu ere kritikatu dute: "Beraiek ere ez zuten proiektuan sinesten eta orain harrotasunez ateratzen dituzte argazkiak eta inaugurazioak egiten dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!