Zer egiten du arrasatear batek eskubaloian jokatzen Tolosan?
Bizitzak buelta asko ematen ditu. Duela bost urte Tolosara etorri nintzen bizitzera. Iritsi zen puntu bat non galdetu nion nire buruari zergatik egon behar ote nintzen astebururo Arrasatera joaten, Tolosan lasaiago jokatzeko aukera izanda. Gaztetatik eskubaloian jokatuta, jende asko ezagutzen duzu, eta garai hartako entrenatzailea ezaguna nuen. Bere bidez hasi nintzen; lehenengo entrenatzen, eta hurrengo urtean jokatzen, probatzeko.
Eta gustura, ezta?
Bai. Hainbeste urte eta gero, eskubaloiaz disfrutatzen jarraitzen dugu, lagunartean. Ez daukagu ilusio hori liga batean edo bestean jokatzeko, baizik eta atzetik datozen gazteei laguntzeko.
Zu gustura, eta taldea ere bai ezta? Izan ere, taldeko kapitaina zara...
Hori pixka bat garai bateko ezaugarrien ondorio izan zen. Ordura arteko kapitainak taldea utzi zuen, eta hurrengoa atezaina izatea nahi zuen entrenatzaileak. Gure taldean oso sinbolikoa da hori, denek aportatzen dugu.
Aurten Bidasoarekin Asobalen jokatu duen Urtzi Otegi bezalako atezain batekin konpartitzen duzu postua. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Urtzi bakarrik ez, beste lau jokalari ere iritsi dira. Oso ongi moldatu dira taldera, eta esperientzia asko duten jokalariak dira. Asko irakasten dizute. Nik urte asko daramatzat jokatzen, eta oraindik ni baino gazteagoa den jokalari batek irakatsi egiten dit, beraz, pentsa.
Zuk ere gaztetxoei irakasten diezu?
Ahal duguna egiten dugu. Egia da gaztetxoak zugan fijatzen direla, lehen taldean jokatzen duzulako. Eta esperientzia hortatik irakasten saiatzen gara. Zentzu horretan egia da entrenatzaile ona dugula, asko daki eta dakien hori irakasten du.
Eta zuek Asobal ligako taldeengan fijatzen zarete?
Egia esan ni ez naiz oso zalea. Ikusten ditut partidak, bai. Niri jokatzea, entrenatzera joatea, eta talde giroa gustatzen zait.
Tolosarekin lortzeko ilusio edo helburu berezirik duzu?
Ilusioa beti daukagu. Aurreko urtean mantentzea genuen helburu, bi maila gorako baikeuden. Oso urte ona egin genuen. Aurten, berriz, polita litzateke igoera fasea jokatzea, eta gainera, duela bi urte moduan, etxean izatea fase hori. Oso giro ona izan zen. Liga irabaztea zail ikusten dut, baina momentuz igoera faseari heltzen diot.
Giro ona nabarmendu duzu. Jende asko mugitzen du eskubaloiak Tolosan?
Giroa izugarria da. Askotan esan izan dut taldean. Nik Arrasaten jokatu nuenean ez zegoen horrelakorik. Apenas joaten zen jendea, eta beste kantxa askotan ere horrela gertatzen da. Tolosan, egia esan, hasi nintzenean antzeko zerbait gertatzen zen. Baina orain jende ugari etortzen da eta giro ezinhobea jartzen dute. Zuzendaritzak eta laguntzaileek egindako lanak zerikusia du.
Zazpigarren garaipena jarraian. Tolosa 27 - Urdaneta 16:
Jarraian zazpigarren garaipena lortu zuen larunbatean Tolosa Eskubaloi Taldeak. Partida erraza izan zen, atsedenaldira 17-3ko emaitzarekin iritsi baitzen partida. Urdinek defentsan izugarrizko lehen zatia egin zuten, eta Iker Galartza atezaina izan zen taldeko onena.
Igor Egaña taldekideak ere atezainaren lana azpimarratu zuen, taldeko izarra izan zela esanaz. Horrez gain, azken partidetako defentsa goraipatu zuen Egañak: «entrenamenduetan gogor landu dugu defentsa, eta emaitza izugarriak ematen ari da. Atezainontzat oso lagungarria da hori, aurkariak jaurtikitzeko zailtasun handiagoak izaten baititu horrela».
Erasoko jokoa oraindik hobetzeko dagoela dio Egañak, eta horretan ari direla lanean: «Jokalari berri asko etorri dira eta egokitzen ari dira. Erasoan libreago sentitzen gara defentsan baino, eta korrika egiten saiatzen gara defentsan baloia lapurtu ondoren».
Bolada onaren atzean, azken aurkarien maila egon daiteke. Egañak hartutako dinamika onarekin jarraitzea eskatzen du: «Egia da azkenaren aurka jokatu dugula asteburuan, eta hurrengo partida, sailkapenean atze aldean dagoen taldearen aurka izango dela. Ez dakigu noiz arte jarraituko dugun garaipenak pilatzen, baina ea lehen itzuli osoa horrela egiten dugun; bigarren postutik lehen postura jauzi eginaz». Ez da erraza izango, aurkaria handia baita: Eibar Liderra. «Iaz ligan ia partida guztiak irabazi zituzten. Aurten bide beretik doaz, jokatutako guztia irabazita. Euren aurka ez dugu oraindik jokatu, baina liga irabazi nahi baldin badugu, ia partida guztiak irabazi beharko ditugula argi dago».
Hurrengoa, Askartzaren aurkakoa izango da, Bilbon. Partida 19:30ean hasiko da, larunbatean, eta Tolosa Eskubaloia zortzigarren garaipenaren bila joango da.