Fabio Oruç orendaindarrak irabazi du babarrun ekoizleen txapelketa

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 15a, 16:15

Bigarren saria Aritz Izagirre ibartarrak eskuratu du eta Luis Anjel Jauregi gazteluarrarentzat izan da hirugarren saria; jende ugari elkartu da Trianguloa plazan

Lehenengo aldiz irabazi du Fabio Oruç-ek Tolosako Babarrunaren eskoizleen lehiaketa. Bere osaba Juanjo Argoteri eskaini dio saria, "berak dena erakutsi didalako, eta bera gabe ez nuelako ezer egingo". Lauzpabost aldiz aurkeztu da Oruç lehiaketara, baina aurretik saririk irabazi gabea zen. "Esperantza pixka bat banuen, baina ez nuen pentsatzen etxera txapela eramango nuenik; beraz, oso gustura". Aurtengo alaea "oso polita" atera dela dio Oruç-ek, eta azaldu diotenez, aurtengo lehiaketan "maila oso altua" izan da.

Bigarrengo saria jaso duen Aritz Izagirre oso gustura dago sariarekin: "Niretzako eta nire familiarentzako poz handia da. Urte guztian aritzen gara babarruna ereitetik hasi eta gero udarako lanak, eta udazkenean bildu. Lan horren saria da jasotakoa". Bigarren aldia da parte hartzen dutena eta aurreko urtean ere bigarren saria eskuratu zuten.

Luis Anjel Jauregi lehenengo aldiz aurkeztu da lehiaketara: "Aurten eman dugu izena elkartean, eta amaren kontua izan da lehiaketan parte hartzea". Jauregiren ama izan da saria jasotzen, eta berari eman dio saria lortzearen meritua: "Kanpoko lanak egiten ni aritu naiz, baina gero bera aritu da ale onak eta txarrak bereizten, lehiaketara aurkezteko".

Mari Karmen Iradiri omenaldia

Ezusteko handia hartu du Mari Karmen Iradik omenaldia jasotzerakoan. 18 urtez Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria izan da eta oroigarria eman diote Tolosako Udalak eta elkarteak berak. Gainera, aurten berritasuna izan den saria ere jaso du, publikoarena: "Esanahi handi du horrek niretzat. Ikusten da jendeak aintzakotzat hartu nauela, nik uste nuena baino gehiago. Sorpresa handia izan da".

Publikoaren saria izan da berritasunetako bat, eta horretarako jendeak botoa eman behar zuen euro bat ordainduz. Bildutako dirua Ademgi elkartearentzat izan da. Hain justu, beste berritasuna aurten enkantea ez dela egin izan da, eta horren ordez botoa eman dutenen artean zozketa egin da, eta Eneko Zubiaurre alkizarrak eraman du etxera Tolosako Babarrun irabazlearen uztaren lakari bat.

Babarrun Festa ere beste sari bat banatu zen, orain astebete Beotibar frontoian Fronton kafetegiak antolatutako XIV. Mus Txapelketa Azkarrarena. Eneko Martijari eta Eneko Morari jarri dizkiote txapelak eta 3.350 euroak.

 

Tolosako Babarruna, modu askotara

Lehiaketaz gain, 09:00etatik 14:00etara Trianguloa plazan azoka berezia egin da, bertan Euskal Herriko produkturik onenak, babarrunarekin batera, erosi ahal izan dituzte bertaratu direnek. Bestalde, Tolosako Babarrunaren Kofradiak babarrunak eman ditu dastatzera, 25 kilotik gora, 800 mokadutxotan.

Beste lurraldeetako eran prestatutako babarrunak ere dastatzeko aukera ere izan da. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Sailetik antolatuta, Zu Ta Ni, Koku-yo eta Ereite elkarteen laguntzarekin, lurralde askotako sukaldaritzaz gozatzeko aukera izan da: Azerbaijan, Ghana, Venezuela, Mexiko, Brasil, Nigeria, Maroko, Errumania, Senegal eta Pakistan. Kristina Morales Migrazio saileko teknikariak azaldu duenez, "plater guztiak Tolosako Babarrunarekin prestatu dira, baina herrialde bakoitzeko ukituarekin". Moralesek gaineratu duenez, "oso pozik gaude ekimenarekin, etorkinak ere herriko festan parte hartzeko modu bat delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!