Euskal Herria Bilduk herritarrekin osatu nahi du bere "proiektu eraldatzailea"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 13a, 16:50

Hari gara lelopean, 2015ko hauteskundeetarako lanean ariko den talde eragilea aurkeztu dute Tolosan.

Tolosako Udalean Bildu eta Aralarrek lau urterako egindako akordio politikoaren "garapen positiboaren ondorio", Tolosako Euskal Herria Bildu aurkeztu dute, datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira.

Agerraldian, besteak beste, EH Bildu Tolosan "errealitate sendoa eta erreferente argia" dela azpimarratu du Onintza Lasa bozeramaleak, eta datozen hilabeteotako erronkak bideratzeko gidalerroak markatu dituzte ospatu berri dute EH Bilduren lehen batzarrean.

Horrela, beraz, eta "lau indar politikoen egituretatik harago", herritarrei parte hartzeko aukera eskaini nahi diete hauteskundeen hitzordu horri begira: "Burujabetza osoa eta justizia soziala helburu duen proiektu politikoa da, eta oinarrizko printzipio horiekin ados dauden herritarrei politikoki parte hartzeko aukera eskaini nahi diegu".

Talde eragilea, lanean

Maiatzeko Udal eta Foru Hauteskundeen bidean, Tolosako EH Bilduren talde eragilea aurkezteko ere baliatu dute agerraldia: "Talde horrek gidatuko eta koordinatuko ditu hauteskunde prozesuan behar-beharrezkoak diren urratsak: hautagaien izendatze prozesua, hauteskunde programa egitea, parte hartze sistemak antolatzea, harremanak, propaganda, komunikazioa,...". Hori guztai esku artean izango dutenak, beraz, Onintza Lasa bera, Albaro Atorrasagasti, Iñaki Elduaien, Mikel Arreseigor, Inaki Irazabalbeitia, Antton Izagirre, Iraitz Garitano, Karmele Elizaran eta Zigor Agirrezabala izango dira.

"Dinamika berri bat" abiaraztera doazela nabarmendu dute, izan ere, "batzar orokorrean azken lau urteotako indargune nahiz ahulguneak aztertu ondoren", hauteskundeetarako programan arloz arloko ekarpenak bildu nahi dituzte. Horregatik, EH Bilduren "proiektu eraldatzailean" parte hartu nahi duten tolosarrei dei egin diete epe motzean deituko duten EH Bilduren batzar irekian parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!