Udalak Bedaioko Abadetxea egonkortzeko lanak egingo ditu

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 5a, 11:19

Aurrekontua 270.000 euro ingurukoa izango da; zimendatzea hobetzea da helburua

Bedaio auzoan dagoen Abadetxea eraikina konponduko du Tolosako Udalak. Izan ere, eraikinak aspalditik hainbat pitzadura ditu baina denborarekin areagotzen joan dira. Iaz, udalak txosten tekniko bat egin zuen, pitzadura horien jatorria eta zer ondorio ekarri zitzaketen aztertzeko. Hala, bertan ikusi zen, eraikinaren azpian dagoen lurraren egoera aldatu egin dela eta une honetan egonkortzen ari dela. Horren ondorioz, pitzadurak areagotzen ari dira eta larritasuna handitzen. Horregatik, udalak egitura egonkortzeko lanak aurrera eramatea erabaki du.

Proiektuaren aurrekontu osoa 273.677,47 eurotakoa da. Honen baitan hiru aktuazio desberdin egitea aurreikusten delarik. Obren helburu nagusiak hiru izango lirateke. Batetik, eraikinaren zimentazioa egonkortzea, bai horma zein zutabe ezberdinen azpian kokaturikoa. Bestetik, lorategiaren euskarri egiten duen horma berregitea eta azkenik, eraikinak jasan dituen mugimenduen ondorioz sorturiko kalteak konpontzea.

Lanak esleitzeko lehiaketa abian da eta bi enpresek egin dituzte proposamenak. Orain teknikoei dagokio beharrezko txostenak egitea eta ondoren erabakiko da esleipena. Udaberrirako lanak bukatuta egotea aurreikusten da. Artubi elkarteko Jon Balerdi kideak azaldu duenez, «jende helduari entzun izan diogu etxe horrek ez duela behin ere oinarri sendo bat izan. Egurren gainean egindakoa izan omen da, lur egonkorrik ez zelako topatu. Orain egiten diren obrekin etxea betirako egonkortzea espero dugu».

Abadetxea, bere garaian, Bedaioko baserria eta mendian jabe zirenen bizilekua izan zen. Baina, 2010 urteaz geroztik jatetxe bezala funtzionatzen zuen. Asteburu eta jai egunetan egon ohi izan da irekia. Horrenbestez, obren ondorioz, egun itxita dago Abadetxeko jatetxea, baina behin egitura egonkortzeko lanak amaitzen dituztenean berriro ere auzotarrentzako nahiz bisitarientzako zabalik egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!