Irene Caminos: «Ez nuen espero hain goran ibiltzea»

Asier Imaz 2014ko urr. 23a, 08:25

Mutilek ez dute batere ongi hartu lehiaketan; «ez zidaten kasurik egiten, baina zer nahi zuten nik egitea?». Agian, 16 urteko neska batek eurei ez irabaztea nahi zuten. Bada, izorra daitezela; Irene Caminosen denboraldia izugarria izan baita. 

Amaitu da elite mailan egin duzun lehen denboraldia. A zer palmaresa!
Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak irabazi ditut, eta Espainiakoan bigarren gelditu naiz, baina gehien harritu nauena Munduko Kopan zortzigarren geratzean izan da.

Zergatik?
Elite mailan lehen urtea zen aurtengoa, eta jauzia oso handia izan da. Ez nuen espero hain goran ibiltzea.
16 urte azpikoen mailan ezagutzen zenuen lehia hori. Jauzi hori nola deskriba dezakezu?
Lehen proban adibidez oso urduri nengoen. Frantzian zen, eta dena ingelesez zen. Urduri jarri ninduen horrek. Gero, beste neskak ikusi nituen entrenatzen, eta horien aurka ezer ezin nuela egin pentsatu nuen. Gero, ordea, oso ongi atera zen. Bakoitzak bere estiloa dauka eta nirearekin gustura sentitu naiz.  

Azken proba ere berezia izan zen.
Bai, Amberesen (Belgika) zen, eta Hodei Egiluz handik hurbil desagertu zen. Euskal selekzioko kideak familia eta lagunekin jarri ginen harremanetan, eta eurei laguntze aldera, lehian Hodeiren kamisetarekin atera ginen.

Jauzi horrek prestaketan aldaketarik ekarri al dizu?
Amaitu den denboraldi honetarako ez asko, baina hurrengorako ekarriko ditu. Aurten bizikletarekin bakarrik entrenatu dut, baina orain, gimnasioa ere sartuko dugu.  

Bizikletaren gainean, astean zenbat denbora?
Bi edo hiru egunez, hiru ordu inguru.  

Ingurukoen babesik gabe posible al da maila horretara iristea?
Ez. Alde batetik, babeslerik gabe ezinezkoa da egin ditugun bidaiak egitea. Bestetik, etxekoen laguntza beharrezkoa da; hara eta hona joateko eta baita babestua sentitzeko.

Zer eskatzen diozu denboraldi berriari?
Orain ikasketak tokatzen dira. Gero prestakuntza eta entrenamenduak, eta hortik aurrera, aurten lortutako emaitzak hobetzen saiatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!