Hirugarren garaipena jarraian

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 22a, 17:18

Tolosa Eskubaloiak 28-23 irabazi dio Usurbili joko ona erakutsiz. Ikusi partidako irudirik onenak.

Badoa. Badoa pixkanaka goruntz Tolosa Eskubaloi taldea. Badoa bere bertsio onenerantz. Usurbili gailendu zitzaion bosgarren jardunaldian, eta hirugarren garaipena du jarraian. «Pixkana presioa gainetik kentzen hasiak gara» azaldu zion ATARIAri Ioritz Goikoetxea jokalariak larunbateko partida amaitu bezain laster.

Tolosarrek hasieratik bukaerara dominatu zuten neurketa. Soilik birritan izan zen atzetik markagailuan, 8-9 eta 9-10ekoan. Lehen ordu erdian txukun aritu ziren Noguesen mutilak, eta hiru goleko errentarekin joan ziren aldageletara, 15-12koarekin, hain zuzen.

Bigarren zatian, ordea, estutu egin zuten usurbildarrek. Hamar minutu faltan gol bakarrera jarri ziren, Tolosako bi jokalarik bi minutuko zigorra jaso eta gero. Baina Urtzi ongi ibili zen atepean, hainbat jokaldi deuseztatu zituen taldea okerren zen unean.

Kantxan berdintasuna nagusi zenean berriz, pixkanaka aldea zabaltzen joan ziren urdinak, sei goleko errentaz irabazten amaitzeko. Azkenean, 28-23.

Une honetan seigarren postuan da Tolosa, zazpi punturekin, lehenengoarengandik hiru puntura. Asteburuan aukera polita izango du gora egiteko, Anaitasuna eta Pulpok elkarren aurka jokatuko baitute. Tolosarrek, Elgoibarren jokatuko dute larunbatean, 19:30ean, Olaizaga kiroldegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!