
Estreinaldi berezia da gaur Leidor aretoan egiten ari direna. Bertan hainbat gonbidatu izango dira, tartean filma egin dutenak, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideak, Tolosako udal ordezkariak zein Tolosaldeko beste hainbat udaletako ordezkariak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.
Axun Lasa: "Garrantzitsua da zinema horrela beteta ikustea, eta gure mina zuekin konpartitzea. Filma egin dutenen aldetik ere, benetan horrelako pelikula gogor bat hainbeste maitasun eta goxotasunekin nola egin zuten bizitzea eta ikustea ere benetan lagungarri izan da. Gogortasun hori oso ondo jaso dute. Gazte askok ez dakite zer gertatu den hemen, zenbat min bizitu den. Dakizkigunetik aparte, gordean dauden min askorentzat leiho ireki bat izan dadila. Sufrimendu asko ikusten da filmean, baina balio dezala denontzat. Ikusten den sufrimendu horrek elkartu gaitzala, zeren sufrimendua bera da ezkerrean eta eskuinean edo aurrean eta atzean"
Pili Zabala: "Film hau ikustean sentitzea nahiko nuke. Egun hainbeste aldiz entzuten den memoria historikoa, justizia, egia, aitortza,... hori guztia oso ondo dago, baina herri honek behar duena da denon memoria, denon justizia, denon aitortza. Horretarako uste dut film hau baliagarri izatea. Nazioarte mailan ere bere ibilbidea egitea espero dut, eta ate asko irekitzea nahiko nuke. Herri honek ate horiek irekitzea behar du".
Pablo Malo zuzendariak adierazi duenez, "film gogorra dela esaten dute, baina horrela izan beharra dauka bai familiarengatik eta baita beraiengatik ere".
Ibai Iriarte alkatearen esanetan, "filma herri honetan gertatu den gertaera bat da, eta aurrera begira horrelakorik ez gertatzeko balio behar du. Etorkizunerako zutabe bat eraikitzeko balio dezala"
ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?