Txakur kakak biltzeko edukiontziak jarriko ditu udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urriaren 15a

Tolosako txakurren erroldaren arabera, 1.600 txakur daude herrian. Horren harira, udalak kezka azaldu du azkenaldian berdegune, kale eta parkeetan txakurren kaka eta pixa askotan izaten delako.

Iaz ere saiakera bat egin zuten kaleko zikin mota hori gutxitze aldera, txakurren erroldan izena emana duten tolosar guztiei bando bat bidaliz. Besteak beste, animaliak izan eta erabiltzeko udal arautegia zuen hizpide bando hark eta, arautegi horrek dioen moduan, jabeak animaliek kaka erretiratzera behartuta daudela gogorarazi nahi izan zieten herritar horiei.

Aurten saiakera horretan indar gehiago jarriz, 15 edukiontzi inguru ezarriko ditu, Tolosako Udalak, txakurren kakak biltzeko; hondakinen bilketa sistema berriaren abiada erabiliko dute horretarako.

www.tolosa.eus atarian edukiontzien kokalekuen proposamen bat zintzilikatu dute, mapa batean, 30 kokaleku posible marraztuz. Txakurren jabeek, orain, beren beharretara gehien egokitzen diren kokalekuak aukeratu beharko dituzte, bozkatuz. Modu horretan, beharrak ezagutzeaz gain, txakur kaken bilketa ere hobetzea da udalaren helbururik behinena.

Horrenbestez, urriaren 26ra bitarteko epea izango dute bozkatzeko, eta Tolosako Udalak herritar guztiei dei egin die elkarlan horretarako, bereziki animalien jabeak gonbidatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!