Lizarralde eta Jauregi, TKE Ligako txapeldun

M. Iraola 2014ko irailaren 22a

Lizarralde, ezkerrean. Argazkia: Xabier Sagarzazu

Tolosarrek Hondarribiarekin irabazi dute liga, zazpi bandera irabazi eta 203 puntu pilatu ondoren. Atzo harrera jendetsua egin zieten herrian.

Iñigo Jauregi, oraindik lortutakoa barneratzen ari da. Arratsaldean Atariari azaldu dionez, "atzoko eguna poz eta ilusio handiz" bizitu zuen, baina gaur lasaiago jarri da lortutakoaz pentsatzen: "Ez da egunero horrelakorik lortzen. Atzo herria kalera irten zen, eta bizitzen ari zaren guztia barneratzen saiatzen zara. Gauza askok alde egiten dizute, ordea. Gaur hasi naiz guztia barneratzen".

Larunbatean, Bermeoko estropadarekin batera irabazi zuen Hondarribiak San Miguel Ligako bere bigarren koroa. Ama Guadalupekoa ontziko tostetan zen Jauregi, eta modu berezian bizitu zuen: "Asteburua hasterako lanak nahiko eginda genituen, baina Bermeon irabazita, gurea zela sentitzen genuen. Lasaitu egin ginen". Jon Lizarraldek, berriz, azken estropadan, Portugaleten, hartu zuen parte. Denboraldian zehar, berriz, makina bat estropadetan izan dira bata zein bestea.

Tostetan aldaketa ugari egin arren, taldeak erregulartasuna mantendu du urte osoan zehar, eta hori nabarmendu du Jauregik: "Denboraldi osoko media ateraz gero, 2,5 postuan izan garela ikus daiteke. Beraz, emandako maila oso ona da".

Jauregirena lehen urtea da Hondarribian, Lizarralderena, berriz, bigarrena. "Talde erabat ezberdina da. Gaztea eta lan egiteko modu oso definitu batekin. Giroa ere ezinhobea da. Asko ikasi dut" dio Jauregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!