Inoizko egitaraurik egonkorrena aurkeztu du Topic zentroak, ikasturte berrirako

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 13a, 12:54

Zentroaren bosgarren urteurrena betetzera doala, lehen aldiz plazaratu dute urte osoko egitasmoen proposamena; arduradunak oso pozik azaldu dira, foru aldundiarekin sinatu berri duten hitzarmen berria dela eta.

Bost urte beteko ditu laster Tolosa txotxongiloen mundu zabalean ezagutaraztea lortu duen Topic zentroak. Heldutasun horretara heldu direla eta, zentroak eskuratu duen egonkortasunaz, ikasturte osorako egitaraua aurkeztu dute estreinakoz. Agerraldian izan dira Idoia Otegi Topic zentroko zuzendaria, Clara Montero Eusko Jaurlaritzako kultura zuzendaria, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakaria, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendaria eta Mikel Mendarte Kutxa Gizarte Ekintzako ordezkaria.

"Gauza asko egin ditugu, eta beste asko egiteko ditugu". Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak azken urteotan kultura, oro har, garairik onenak bizitzen ez dela ari dio. Arazoak izan ditu TEEk, urte osoko jarduna antolatzerakoan; bereziki, Abesbatza Lehiaketan eta Titirijain. Orain, ordea, baikor begiratzen diote etorkizunari, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatu duten hitzarmen egonkorragatik, besteak beste: "Babesaz gain, akordioak marko orokor bat hartzea gure lanaren errekonozimendua ere bada". Bestalde, Kutxako gizarte ekintzaren diru laguntza berreskuratu dute urtebeteko etenaren ondoren.

Tolosako Udalak ere, bere aldetik, "TEE eta Topic babesteko eta babesten jarraitzeko konpromisoa" azaldu du Ibai Iriarte alkatearen ahotik: "Prestatu duten egitasmoa ikusita, argi dago lana eta lana dagoela honen atzean, eta Topic osatzen duten familia zoriondu beharra dagoela". Horrela, alkateak gogora ekarri nahi izan du herrian kulturak duen bizia: "Bizitza horretan TEEk zeresan handia du, urtetan barrena egin duen lan guztiagatik. Beraz, tolosarrontzat luxua da hau hemen izatea".

Haur, gazte nahiz heldu erakartzeko proposamena

Idoia Otegik aurkeztu du zentroak ikasturte berrirako prestatu dituen ikuskizun, tailer nahiz bestelako proiektuak. "Agerraldi honetan langileak egotea nahi genuen, haiek baitira hau guztia aurrera eraman ahal izateko lan egiten dutenak".

Horrela, azpimarratu egin nahi izan ditu Centro Dramático Nacional-ekin eta Teatro Barakaldorekin ere sinatutako akordioak. Lehenaren bidetik, Madrilgo (Espainia) Valle Inclán antzokian txotxongilo saioak nahiz tailerrak antolatuko ditu Topic zentroak, urte osoan. Teatro Barakaldorekin sinatutako akordioaren harira, berriz, Tolosara zenbait ikuskizun ekartzea lortu dute.

"Egitarau anitza da eskuartean duguna eta, beti esaten dugun moduan, haur izateari uzten diogunean ere goza daitekeen artea da txotxongiloena". Gogotsu eta ilusioz beterik azaldu du bere burua Otaegik, 2015ari begira ere eta, Titirijairako nahiz UNIMAren proiektuetarako berrikuntzak aurrerago jakinaraziko dituztela gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!