Iaz lortu ezin izan zenaren bila hasiko da Tolosa larunbatean

Mikel Iraola 2014ko ira. 11a, 11:57

Iker Dorronsoro, entrenatzailea: "Pasa den urtean igotzea ez zen kolpea izan. Taldeari ezin zitzaion gehiago eskatu gertatutakoa gertatu eta gero. Aurten ere goian ibiltzea espero dugu".

Hirugarren mailara igotzeko zorian izan zen pasa den urtean Tolosa. Bigarren amaitu ostean igoera promozioan kanporatu zuten, eta urte gogor bati falta izan zitzaion saria lortzeko ateetan geratu ziren. Denboraldi berriek beti pizten dute ilusioa, eta etsi gabe, helburua lortu arte lanean jarraituko du Tolosak. Horregatik, goikaldean egoteko intentzioz abiatuko du denboraldia larunbatean. Lehen koska, Hernani izango du. Ez edonolako taldea, baina Iker Dorronsoro entrenatzaileak «konfiantza osoa» du taldearengan.

Harrobia garrantzitsu
Pasa den urteko taldek aldaketa gutxi ditu aurtengorako. «Atzean eta hegal batean genituen hutsuneak bete ditugu, eta harrobitik tirako dugu», azaldu du entrenatzaile igeldotarrak. Iñigo Bereziartua fitxatu du Hernanitik, hegalerako; aulkian eta defentsan, berriz, rol aldaketa izango da. Ander Avellaneda, bigarren entrenatzaile izatera pasako da, eta bere ordez, pasa den urtean lan hori egin zuen Beñat Larrañaga egongo da.

«Pasa den urtean nirekin izan zen Beñat entrenatzaile titulua ateratzeko, eta Anderrek uzteko asmoa zuela esandakoan, rol aldaketa hori planteatu genuen. Ondo iruditu zitzaien, beraz, aurrera».

Harrobia ere garrantzitsua da Dorronsororentzat, eta hori dela eta, bigarren taldeko Pablo Zumeta, Iñigo Ormazabal eta Aitor Etxeberria lehen taldearekin arituko dira batzuetan.

Larunbateko neurketarako, gainera, ezohiko egoera aurkituko du taldean Dorronsorok. Bi atezainak min hartuta daude. Rubenek zuntz haustura du, eta Sernari lau astez luzatu diote baja. Hori dela eta, bigarren taldeko Kepa Eizagirrerekin hasiko du denboraldia Tolosak. Ereserkiak dioen moduan... aupa urdiñak!

Iker Dorronsoro • Tolosa CF-ko entrenatzailea

«Beste inon ez dut topatu Tolosan dagoen bezalako giro onik»

Ondarroan entrenatzaile izan eta gero atseden hartzea erabaki zuen Iker Dorronsorok urtebetez, baina azaroan Tolosaren deiak pikutara bidali zuen ideia. Talde urdinaren eskaintza onartu eta gustura izan zen. Seigarren egin zuen taldeak lehen urte hartan. Hurrengoan, berriz, laugarren. 2012an Hernanira joan zen, eta pasa den urtean itzultzea erabaki zuen. Igotzeko ateetan geratu ziren.

Goiko postuetan egotea da aurtengo helburua. Pasa den urtean gutxigatik ez zineten igo. Kolpea izan zen igoera ez lortzea?
Ez. Ilusio asko zegoen, bereziki urtea oso gogorra izan zelako. Urtzirena gertatu ondoren, ezin zitzaion eskatu gehiago taldeari. Garrantzitsuena, animikoki ondo egotea zen, eta asteburuko emaitzak bigarren mailara pasa ziren. Taldeak aurre egin zion egoera harri, eta goian egoteko borrokatu zuen astero. Zentzu horretan, taldeari hamarrekoa jartzen diot.

Giroak garrantzia handia du ezta?
Guztiz. Talde asko ezagutzen ditut, eta ez dut Tolosan bezalako girorik topatu inon. Batuta dago taldea, eta pasa den urtetik are gehiago. Ondo eramaten naiz jokalariekin. Beraiek eskatu zioten zuzendaritzari ni itzultzeko. Ilusio asko egin zidan. Hernanin gustura nengoen, eta etxetik gertuago, baina Tolosara itzultzea erabaki nuen.

Nola ikusten duzu taldea aurtengo denboraldiari begira?
Helduagoa da. Lan asko pasa den urtetik aurreratua daukagu, estiloa definitua dago, eta aurten fintzea besterik ez zaigu geratzen.

Zein da ba Tolosaren estiloa?
Taldeak badaki zertara jokatu. Gure asmoa baloi jabetza izatea da, eta horrekin, partidak dominatzea. Berazubin puntu asko galdu genituen, taldeak atzean sartzen zitzaizkigulako, eta aukerak egitea kostatzen zitzaigulako. Gure atetik ahal den urrutiena defendatu nahi dugu. Kontraesana dirudi, lehengo urtean gol asko jaso genituelako, baina hori ere indartu dugu.

Realaren aurkako partidak behintzat hori erakutsi zuen...
Asko ikasi nuen. Inoiz ez dugu horren atzean jokatu. Ondo irten zen, eta aurredenboraldia aprobetxatu nahi izan dugu. Kokapen hori mantendu dugu, baina baloia guk izanda. Asko gustatzen zait taldearen jokoa. Bide batez, Realari eta egun hartan lan egin zuen jendeari eskerrak eman nahiko nizkioke taldearen izenean, guretzat ahaztezina izango delako.

Zein talde ikusten dituzu goiko postuetan izateko lehian?
Anaitasuna pasa den urtean hirugarren izan zen; Aretxabaletak bigarren itzuli ona egin zuen eta jende beteranoa du; Ondarroako Aurrera goian ibili zen ia urte osoan, baina aurten jende ona fitxatu du; Elgoibar jaitsi da, eta nahiz eta taldea asko aldatu kontutan hartzekoa da. Horiexek.

EGUTEGIA

1. Hernani - Tolosa            Ira.13
2. Tolosa - Hondarribia      Ira.21
3. Beti Gazte - Tolosa        Ira.28
4. Tolosa - Elgoibar            Ur.05
5. Bergara - Tolosa            Ur.12
6. Tolosa - Aloña Mendi      Ur.19
7. Aretxabaleta - Tolosa     Ur.26
8. Tolosa - Touring            Az.02
9. Martutene - Tolosa        Az.09
10. Tolosa - Zarautz          Az.16
11. Anaitasuna - Tolosa     Az.23
12. Tolosa - Usurbil           Az.30
13. Ostadar - Tolosa        Abe.07
14. Tolosa - Aurrera        Abe.14
15. Tolosa - Antzuola       Abe.21
16. Real Union - Tolosa     Urt.04
17. Tolosa - Ordizia           Urt.11
18. Tolosa - Hernani          Urt.18
19. Hondarribia - Tolosa    Urt.25
20. Tolosa - Beti Gazte      Ots.01
21. Elgoibar - Tolosa         Ots.08
22. Tolosa - Bergara         Ots.15
23. Aloña Mendi - Tolosa   Ots.22
24. Tolosa - Aretxabaleta  Mar.01
25. Touring - Tolosa         Mar.08
26. Tolosa - Martutene     Mar.15
27. Zarautz - Tolosa        Mar.22
28. Tolosa - Anaitasuna   Mar.29
29. Usurbil - Tolosa          Api.19
30. Tolosa - Ostadar         Api.26
31. Aurrera - Tolosa         Mai.03
32. Antzuola - Tolosa       Mai.10
33. Tolosa - Rean Union   Mai.17
34. Ordizia - Tolosa         Mai.24

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!