"Ohore handi bat izan duk"

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 6a, 21:53
Herritar ugari elkartu da gaur Tolosako Euskal Pizkundea plazan, Sortuk Inazio Agirre hil berriaren omenez antolatutako ekitaldian.
 

Euskaltzale sutsu izateaz gain, ezker abertzaleko kidea zen Inazio Agirre, eta omenaldian izan dira, besteak beste, Tolosako alkateaz gain eskualdeko hainbat alkate, eta euskalgintza eta kulturgintzari lotutako kideak.

Hauez gain, Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea eta Pernando Barrena Sortuko eleduna ere bertan izan dira, beste askoren artean.

Euskal Herri euskalduna. Lortuko dugu zioen kartela eta Agirre zenaren argazkia eszenatokian zirela oroitu dute. Agurra dantzatu diete haren senideei, eta Agirrek berak idatzitako bertsoak kantatu dituzte ondoren. Euskal Herrian Euskaraz-ek gogoan izan du Agirrek euskararen alde eginiko lana: "Euskarak eta Euskal Herriak militante fin eta leiala galdu dute".

Oholtza gainera igo dira bere senide, lagun eta kideak eta guztien izenean Karmele Aierbek hartu du hitza: "Ohore handi bat izan duk guretzat hirekin lan egin izana". "Maisutzat" jo du, eta azaldu "gogoa, lankidetza eta borroka" zirela bere "armak".

Sortuko Kontseilu Nazionalaren izenean, Pernando barrena mintzatu da: "Berarekin beti konta zitekeen militantea izan da. Bere ekarpen osoa aldarrikatu nahi dugu". Eusko gudariak eta Behin betiko abestuz amaitu da ekitaldia.

Euskaltzalea zen Agirre, eta Donostiako Udaleko euskara patronatuko zuzendaria izan zen. Soziolinguistika gaietan aditua, Bat aldizkariko kolaboratzailea izan zen, eta baita Tolosako Galtzaundi euskara elkarteko eta Lizardi kultur elkarteko kidea ere. Laskorain ikastolaren bultzatzaileetako bat ere bazen.

Euskalgintza politikagintzarekin uztartu zuen; Sortuko kidea zen gaur egun, eta urte luzez izan zen ezker abertzaleko militantea. Hain zuzen, ezker abertzaleko euskara gaietako arduradun izan zen. AuB Autodeterminaziorako Bilgunea zerrendetako burua izan zen Gipuzkoan 2003ko udal eta foru hauteskundeetan, baina Espainiako Auzitegi Gorenak debekatu egin zituen zerrenda horiek. Tolosan zinegotzi izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!