Denek gozatu dute Waterline jaialdiarekin

Mikel Iraola / Eneritz Maiz 2014ko irailaren 6a

Dozenaka pertsona inguratu dira egun osoan zehar Zerkausi ingurura ikuskizunaz gozatzeko. Iñigo Manso antolatzaileak, ATARIA-ri esan dionez, "oso pozik" daude lehen edizioarekin. Bihar bazkalostera arte jarraituko du ikuskizunak.

Waterline Festival jaialdiak ehundaka pertsona batu ditu Oria ibaiaren ertzean orain arte Tolosan oso ikusia izan ez den kirol batez gozatzeko. Ikuskizun bikaina eskaini dute munduko txoko ezberdinetatik etorritako parte-hartzaileek: Frantzia, Argentina, Estatu Batuak, Italia...

Oreka saioa baino gehiago izan da, gainera. Etengabeko akrobazia eta jauziak ikusi ahal izan dira. Erorialdiak ere bai. Gurutze Gorriak bi lagun hartatu behar izan ditu zaintiratuagatik.

Eguraldia ere lagun izan da, eta horrek ikuskizuna are borobilagoa izaten lagundu du. "Primerakoa" izan da lehen esperientzia, antolatzaileen arabera. Iñigo Mansok adierazi duenez, "jendea oso gustura" geratu da: "Parte hartzaileak eta ikusleak gustura ibili dira. Tolosako alkatea bera ere bai". Horrek, "jarraitzeko gogoa" ematen diela nabarmendu du Mansok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!