Kemena zerion bihotz euskaltzalea

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 4a, 10:17
66 urterekin hil zen Inazio Agirre tolosarra, istripuz, eta omenaldia antolatu du, Sortuk, larunbaterako.
Abuztuan zendu zen Inazio Agirre, zoritxarreko istripu baten ondorioz; larunbatean omenaldia egingo dio Sortuk

Bego negarra, lurrindu bedi / begian malko mingotsa, / alare ez uke nik iregatik / negar egitea, lotsa. Orixek Beti lagun olerkian utzitako bertsoak dira horiek, Lizardi hil zenean hari eskainitakoak. Inazio Agirreren bertsorik kuttunenetakoak ziren, eta Joxe Ramon Garikano lagun minak ezin izan ditu aipatu gabe utzi, Agirreren heriotza gogora ekartzerakoan.
2014ko abuztuaren 17ak eman zuen Inazio Agirreren heriotzaren berri, bizikletan zoritxarreko istripu bat izan eta ospitalean hamar egun igaro ondoren.
Familia maite zuen, eta haiekin edonora joatea. Maite zuen irakurtzea, maite zuen kantatzea, maite zuen mendian gora abiatzea, maite zuen kontu-kontari aritzea. Eta, hori guztia, euskaraz egitea maite zuen. Euskara izan baitzuen, 66 urteko bizitzan, pasio eta motor. Euskaltzaletasun sutsu horrekin batera, abertzaletasuna ere bere ekintzailetasunaren ardatz izan zuen beti. Horrela, Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetako bat izan zen Agirre, ezker abertzaleko kide eta Sortuko militante izatearekin batera.
Tolosako hilerrian adiskide eta gertukoek eman zioten azken agurrean Inazio Agirreren «koherentzia» nabarmendu zuen Joseba Alvarezek, besteak beste: «Koherentea zen bere ideiekiko eta horrek, sarri, arazo edo eztabaidak sortu zizkion aldamenekoekin». Koherentzia eta arrazoitze horren baitan, Agirrek bazuen jomuga garbi bat: Euskal Herriak estatu propio bat izango bazuen, estatu hori euskalduna izatea.
Horrela, Euskal Filologia ikasketak egin, eta politikagintzan aritutako urte luzeetan ere euskara eta euskalgintza izan zituen, beti, kezka nagusi. 1980ko hamarkadan ezker abertzalea errotik euskalduntzeko beharraz ohartarazi, eta horretara iristeko proposamena egin zuen. Bide beretik, lehen euskara teknikarietako bat izan zen eta, bere jardunaz sortu zen, Donostiako Udalean, Euskara Patronatua.
Euskararen militantetzat jo du Agirre hainbatek, eta ez alferrik. Tolosako euskaltzaletasunari emandako ehunka aleak ezin konta daitezke haren gertuko eta kideen oroimenean eta, horrela, Galtzaundi Euskara Taldean, Laskorain ikastolan nahiz Lizardi kultur elkartean egindako etengabeko lan kementsua utzi du Inazio Agirrek, oinordekotzan.
Egiazki, Deban jaio zen 1948an eta, aldi batez Bergaran bizi izan bazen ere, Tolosan eman zituen bere bizitzako urterik luzeenak. Horrela, herritar fina izan zen, inauterizale zoro eta umoretsua, Udaberri dantza taldeko lehen belaunaldiko kideetako bat eta herritarren arteko egitasmoak antolatzen lehen lerroan aritzen zen horietakoa. Horren adibide dira, 2013ko azaroan ospatu zuten Auzolanean jaiko antolakuntza eta Gure Esku Dago dinamikaren Tolosaldeko taldean Agirrek izandako parte-hartzea.

Bihotz nekaezina
«Inazio beti izan da pertsona berezia. Berezia, ausarta, argia, saiatua eta beti ikasteko gogoa zuena», dio Jose Ramon Garikanok. Udaberri dantza taldean jaiotako harremana Lizardin sendotu zuten biek, eta «izugarrizko kolpea» izan da Agirreren heriotza.
Ausardia zerion gizona zela dio Garikanok, baina, gogortasun horrekin batera, «pertsona ona eta umila zen lagunartean». Oraindik ere gogoan ditu elkarrekin egindako barre eta negarrak: «Oso bihozbera zen. Bazuen zentzu bizi bat, eta bazekien barre egiten eta negar egiten».
Laguntasunik estuenak sor lezakeen hunkiduraz, kantu-lagun aparta ere galdu dutela gogora ekarri du Garikanok: «Kantu guztien hitzak goitik behera ikasten zituen eta musikarako ere bazuen sena». Horrela, Xabier Letek eta Antton Valverdek behin batean eskainitako jaialdi batean entzun zuten, Agirrek eta Garikanok, Orixeren Beti lagun olerki musikatua. Harrezkeroztik, solasaldi askotan irakurri izan dute testua elkarrekin, Orixeren olerkia goraipatuz. Inazio Agirrek zioen moduan, Orixe handiaren hitzak «lagun batek beste bati esan dioezaiokeen gauzarik ederrena» direla esanez.
Gertuko, lagun nahiz senideekin batera, Sortuk ere omenaldia egin nahi izan dio zendu berriari. Euskal Pizkundea plazan izango da, larunbatean, 18:00etan, Euskal Herri euskalduna lortuko dugu lelopean. Eta hain maite zituenez, ez da kantu, dantza eta olerkirik falta izango.
Koldo Mitxelenak berak ere esan zuen, Beti lagun olerkian edozein hizkuntzatan esan daitekeen gauzarik zailena esan zuela Orixek. Balio bezate,beraz, 1933ko hitz haiek, Inazioren hutsuneari kantatzeko ere: «Bakar-bakarrik nakustenean / jendeak esan bezate: / bekokian dik aren itzala, / lagun dik oraindik ere».

INAZIO AGIRRE TOLOSARREN OROIMENEAN

Jose Ramon Garikano
Udaberriko eta Lizardiko lagun mina


«Nire eta gure maisua izan da Inazio, gauza askotan»


«Kantu-lagun zoragarria zen eta, gainera, kantu guztiak goitik behera ikasten zituen. Euskarazko abestien hitzak asko maite zituen eta, hizkerari dagokionez ere oso jakituna zenez, gustua ematen zuen harekin kantatzeak. Nire eta gure maisua izan da Inazio, gauza askotan»


«Bazekien esparru guztietan ardura hartzen, modu batera edo bestera; bai dantzari taldean taldea gustura egon zedin, edo baita mokadu bat jatera joaten ginenean ere. Lehendabizi kantari hasiko zen, eta jaten ari zen jaki hari balioa ematen ere bazekien. Ondoren, kuadrilla arteko solasaldian, izugarria zen. Edozein jai edo bazkaritan ere, gonbidatu guztiak eroso sentiarazten zituen, lauzpabost hitzetan eta gehiegizko lausenguetan erori gabe.»

«Eragilea zen, eragile bizkorra»


«Mendian ere gidari aparta izan da eta, hari eskerrak, Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat mendi ezagutu ahal izan ditugu. Norabide berriak hartzea gustuko zuen, baita Uzturrera igotzeko ere, eta bazuen sena bide egokiarekin asmatzeko»


«Izugarrizko kolpea izan da, gutxien espero baikenuena horixe baitzen. Berak duela zenbait urte erabaki zuen bere burua zaintzen hastea eta, hori dela eta, otorduak zaintzen eta kirola egiten hasi zen. Oso kirolari ona zen eta egundoko ibilaldiak egiten zituen lagunekin
bizikletaz!»


«Asko maite zituen, ikaragarri, bere emaztea, seme-alabak, errain eta suiak eta bilobak, eta haiekin edonora joatean zoriontsu izaten zen»


«Jendeak ere asko maite zuen Inazio. Bera hil ondoren hainbat egunkari hartu eta irakurri nituen Inazioren inguruan esandakoak, eta, hainbat hitzen artean, Inazio motorra zela zioen norbaitek. Inazio motorra zen bai, baina hegazkin batek ez du motorra bakarrik izaten, hegalak ere izaten ditu. Inaziok bazekien hegal horiekin nora joan»


«Sentiberatasun bizi batzuen; eta barre zein negar egiten zekien»

Ibai Iriarte
Tolosako alkatea


«Ezagutu dugunontzako eta, euskalgintzan aritu direnentzako, erreferentzia zen Inazio. Ezin da ahaztu Tolosan euskalduntzean egindako lana. Horren erakusle dira, esaterako, udalean euskara zerbitzua martxan jartzea edota azken boladan eskuartean zuen proiektua: Ikastolen mugimenduaren inguruko museoa martxan jartzearena. Beti aldarte onean zegoena, umoretsua eta baikorra. Erretiroa hartu ostean ere, herrigintzako mila saltsetan zebilen: Gure Esku Dago mugimenduan, Elkarrekin proiektuan… Gizatasun handiko pertsona zen, oraindik ere asko zuen erakusteko eta emateko. Finean, izugarrizko hutsunea utzi du maila politikoan nahiz pertsonalean».

Antton Izagirre
Tolosako alkate ohia eta Sortuko kidea


«Inazio, lehendabizi, laguna izan dut eta, lagun gisa, hainbat eginkizunetan aritu izan gara elkarrekin; batik bat, euskara, euskal kultura eta herrigintza lantze horretan. Eta hor, batetik, Inazio niretzat maisua izan da; bestetik, oso gertuko pertsona eta, batik bat, dinamizatzaile eta gidari handi bat. Atzera jota, gogoan dut berak egindako lana, besteak beste,Tolosaldea berreuskalduntzeko elkartearen sorreran, eta baita hortik bideratutako Tolosari buruzko azterketa soziolinguistikoan ere: hainbat talde elkartu zituen datuak bildu eta ondorioetara iristeko. Era berean, udalgintzan ezagutu dut Inazio, udalean egin zuen lanagatik, euskara batzordetik eta euskara zerbitzua sortuz. Bide beretik, haurtzaindegia sortzeko egin zituen lanak ere aipagarriak dira, eta Laskorain ikastolako talde eragileko kide moduan ere ezagutu dut, hainbat dinamika mahai gainean jarriz. Lizardi kultur elkartean ere bai, noski, handik sustatu nahi izan zituen egitasmo guztietan. Beraz, oro har, Inazio berritzaile eta ekintzaile moduan gogoratzen dut. Ekintzailea, Tolosako kulturan eta euskalgintzan. Adibidez, Galtzaundiren sorrera nahiz taldearen jardun osoa ez genuke ulertuko Inaziok egindako lanik gabe. Bestalde, azpimarratzekoa da berak ardura politikoetan eta politikagintzan izan duen eragina, betiere, kulturgintza eta euskalgintzari lotuta. Askotan, pertsona bat falta zaigunean hasten gara berak egindako lanak eta utzitako lekukoa aztertzen eta, nik, alde horretatik, erraldoi bat izan dela esango nuke, eta saminez nagoela une honetan, galdu dugulako. Laguna galdu dugu, baina ekintzaile handi bat ere bai. Horrela ezagutu dut eta horrela gogoratzen dut egunotan eta, uste dut, horrela geratuko dela ezagutu dugunon oroimenean».


Iñaki Azaldegi
Lizardiko kidea eta Tolosako euskara teknikaria


«Esango nuke euskaltzale porrokatua zela, oso koherentea pentsatzen zuenarekin. Alde ezkorrago bat aipatzearren, ordea, zera esango nuke: bera emateko prest zegoen guztia besteak ere emateko prest zeudela uste zuen. Eta hor hanka sartzen zuela esango nuke. Hain zen euskaltzalea, bi euskaldun beti euskaraz ariko zirela pentsatzen baitzuen; hain zen euskaltzalea, euskarazko komunikabideak izanda ezinbestean kontsumituko zirela uste baitzuen. Askotan horren arabera funtzionatzen zuen, eta gauzak ez dira horrela izaten. Pentsatzen zuen, berak zuen prestutasun berberarekin ariko zela jendea, eta horrek sufriarazi egiten zion; jendeak lanpostuak lortzeko-eta ikasten duela konturatzen zen eta, askok, berak euskarari zion atxikimendurik ez diotela. Halaber, sufrimendurako beste bide bat ere izan zuen: edozein hizkuntzak hegemonikoa izango den lurralde bat behar du eta asko borrokatu zuen horren bila. Jabetu zen jende askok ez zuela horren berri, eta bazekien askok ez zutela modu koherentean aurrera eramaten. Horrela, Uema ahalik eta gehien zabaldu behar dela uste zuen, eta zonalde erdaldunetan ere arnasguneak zabaldu behar direla, elkarte edo eskola euskaltzaleak sortuz, edo euskaraz funtzionatuko duen enpresa bat sustatuz. Dena den, gehiengo euskalduna duten zonaldeak are gehaigo euskaldundu beharra ikusten zuen, eta min handia ematen zion jendearen utzikeriak. Bertolt Bretch-ek poema batean zioen oso onak direla egun batez borrokatzen direnak eta urtebetez borrokatzen direnak, baina,ezinbestekoak direla bizitza osoan zerbaiten alde egiten dutenak. Esan liteke Inaziok Bertolt Bretch-en poemaren goreneko maila lortu zuela, beraz, bizitza osoa euskararen eta Euskal Herriaren alde lanean eta borrokan igaro baitzuen. Oso-oso gazte hasi zen eta, erretiroa hartuta ere, jarraitzen zuen Gure Esku Dagon, Galtzaundi Euskara Taldean laguntzen eta han eta hemen, lanean. Inazio geldiezina zen, eta hori gainontzekoentzat ere irakaspen bat dela uste dut».

Xabier Saizar
Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakaria

«Euskararen egoerarekiko kezka etengabea zuen. Ekarpen teorikoak nahiz egunean eguneko zereginetakoak egiteko beti prest izaten zen. Era berean, zorrotza zen hizkuntza eskubideei dagokienean. Lanerakoan, berriz, umoretsua eta oso lagunkoia zen; ilusioa transmititzen zuen horietakoa. Galtzaundirekin izan zuen erlazioari begira, euskararekiko zuen konpromisoa zela eta, lanketa non, han zen Inazio, beti esku bat botatzeko prest».

Mirentxu Etxeberria
EAJ-PNVko alkatea 1983-1987 artean eta Laskorain ikastolako langile ohia

«Tolosan, udaletxean aritu aurretik ere ezagutzen nuen Inazio, Laskorain ikastolan lan egiten bainuen, eta bera talde eragilean aritzen zen. Eta gure arteko harreman pertsonala oso-oso ona izan da. Oso pertsona jatorra zen. Egia da Tolosako Udalean aurrez aurre izan ginela, eta pentsakera desberdinak tarteko, gatazkaren bat izan genuela hauteskundeen ondorioz-eta. Baina oso pertsona dinamikoa zen, eta oso euskaltzalea. Ideiak oso-oso garbi zituen, eta esateko zerbait zuenean guztia aurrez esaten zuen horietakoa zen. Oso oroitzapen ona dut eta nik, berez, maite nuen».

Erlazionatuak

Gutuna: 'Inazio Agirreri gure esker ona'

Tolosako eta Tolosaldeko Gure Esku Dago 2014 ira 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!