Ilusioa piztu zuten pasa den urtean Tolosako hiru talde handienek aurtengo denboraldiari begira. TAKEk EBA ligarako igoera historikoa lortu zuen; Tolosa CFk hirugarren mailako igoera fasea jokatu zuen; eta eskubaloi taldeak, denboraldi bikaina jokatu zuen, baina aurtengo fitxaketek taldearen kalitatea handitu eta gora begira jarri du.
Horren erakusle dira aurredenboraldian lortu dituzten emaitzak. Orain arte jokatutako neurketetatik bakarrean aurki daiteke porrotaren emaitza, Tolosak Realaren aurka jokatutako partidan.
TOLOSA C.F.
Tolosa CF da orain arte norgehiagoka gehien jokatu dituen taldea, eta era berean, ligarekin hasiko den lehena. Iker Dorronsororen taldea igoera lortzeko gertu izan zen pasa den urtean, baina igoera fasean ezin izan zituen gainditu Arabako eta Bizkaiko taldeak. Aurten ere helburu berarekin ekingo dio sasoi berriari. Sei neurketa jokatu dituzte orain arte urdinek. Aipatu moduan, Reala izan zen lehen aurkaria, eta 0-2 galdu zuten. Oiartzunen aurka iritsi zen lehen garaipena, 0-1. Usurbilen aurka hutsean berdindu ondoren, 0-2 irabazi zuen Orion. Azken bi neurketak berdindu eta gero, larunbatean emango dio amaiera prestakuntzari, Berazubin, Hiru Bat taldearen aurka. Denboraldia, berriz, datorren larunbatean hasiko dute Hernaniren aurka.
Emaitzak
· Tolosa - Reala 0-2
· Oiartzun - Tolosa 0-1
· Usurbil - Tolosa 1-1
· Orio - Tolosa 0-2
· Tolosa - Oiartzun 0-0
· Hernani - Tolosa 2-2
· Tolosa - Martutene Gaur
· Tolosa - Hiru Bat Larunbatean
Denboraldi hasiera. Irailaren 13an emango diote hasiera ligari, Hernaniren zelaian, Zubipen.
TOLOSA ESKUBALOIA
Asobal ligan, eskubaloiko maila gorenean, jokatu duten hiru jokalariren fitxaketek eskubaloi taldearen urtea oparoa izan daitekeela aurreikusten dute. Taldea, gaztea oso, fisikoki eta teknikoki hazi egin da azken urteotan eta oraindik asko du hazteko. Esperientzia eta gaztetasuna uztartuta, emaitza onak izan zituzten, eta aurten bide beretik doazela dirudi.Alex Noguesen taldeak, erraz irabazi ditu aurredenboraldian jokatutako bi neurketak, 35-24 Elgoibarren aurka Euskal Kopan, eta 22-35 Bidasoa Bren aurka.
Bihar, Ford Mugarri Arrasateren aurka jokatuko du Usabalen, 19:00etan, eta larunbatean Zarautzen aurka lehiatuko da Euskal Koparen baitan. «Talde gogorra da, bigarren mailan lehiatzen ari da, eta pasa den urtean, Asobal ligara igotzeko play-offa jokatu zuen. Hor ikusiko dugu zein den gure benetako maila eta pixkanaka helburuak finkatzen hasiko gara», azaldu du Juan Martin Amiano klubeko presidenteak.
Horren ondoren, beste bi neurketa jokatu eta irailaren 20an emango diote hasiera ligari Zumaian. Etxeko lehen partida 28an izango da, Santoñaren aurka.
Emaitza
· Tolosa - Sanlo 35-24
· Bidasoa B - Tolosa 22-35
· Tolosa - Arrasate Bihar
· Zarautz - Tolosa Larunbata
· Usurbil - Tolosa Irailak 13
· Egia - Tolosa Irailak 16
Denboraldi hasiera. Irailaren 20an hasiko dute Zumaian.
TAKE
EBA Ligaz gozatzea, eta ahal bada, mailari eustea. Hori izango da TAKEren helburua aro berri honetan. Ilusio handia dute Yon Gonzalezen mutilek, eta harrobia ardatz hartuta, klubean bertan urtetan lanean izan direnen lana saritu nahi izan dute.Neurketa bakarra jokatu dute orain arte, eta hura irabazi dute. Gaur gauean, Vic-era bidean jarriko dira, ostiraletik aurrera txapelketa bat jokatzeko. «Pasa den urtean irabazi egin genuen, baina aurten, maila gorenean eman dugu izena. EBAko taldeekin lehiatu nahi dugu, gure maila ikusteko», aitortu du entrenatzaile tolosarrak.
Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, Euskal Kopan lehiatuko dira Zilarrezko LEB ligako Iraurgiren eta Bilboko Mikeldiren aurka. Beste lagunartekoren bat lotzeke dagoen bitartean, urriaren 19an ekingo diote ilusioz betetako aurtengo denboraldiari.
Emaitzak. Euskal Kopa (*).
· TAKE- Val d'Albret 70-62
· Granollers - TAKE Ostirala
· D'Horta - TAKE Larunbata
· Castellar - TAKE Larunbata
· Igualada - TAKE Igandea
· TAKE- Iraurgi* Irailak 20
· Mikeldi Bilbo - TAKE* Irailak 21
· Atletico SS - TAKE Irailak 29
Denboraldi hasiera. Urriaren 19an Askartzaren kantxan, Leioan.