Baratzeen helburu sozialak sendo, urtebetean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uztailaren 23a

Urtebete igaro da, jada, Tolosan Iurreamendiko baratze parkea ireki zutenez geroztik. Kutxako Ekoguneen barruan sortutako egitasmoa da, eta langabetu, ezindu fisiko nahiz taldeen artean banatu zituzten hainbat neurritako partzelak.

Sekulako harrera izan dute baratzeek, eta horren erakusle da, itxaron zerrenda agortu izana; bide horretan, berriro ireki dute izen-ematea. Urteurrenaren harira, ordea, Tolosako Udalak baratzeetan aritzen diren taldeei protagonismoa eman nahi izan die. Gaur egun Gurutze Gorria, Peñascal fundazioa, emakume etorkinen taldea eta Goienetxe fundazioa aritzen dira .taldeen lursaila jorratzen, eta «oso gustura» azaldu dira guztiak.

Peñascalekoen kasuan, eguneko zentroko kideak aritu dira ikasturte honetan, eta Vanessa Alzate arduradunak dioenez, «dinamika aldaketa bat da beraientzat, erabat onuragarria tailerretik ateratzeko». Gurutze Gorriko kideak ere talde txikitan etortzen dira, eta norberak ereindakoaren fruitua jasotzea eskertzen dute gehien taldeko kideek: «Gainera, zapore hobea dute eta osasuntsuagoak dira». Hasier De los Riosek, horrela, baratze parkeak helburu soziala ere bete duela azpimarratu du: «Irailean baratzetako bideak asfaltatzeko lanak amaituko ditugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!