Txotxongiloa bizitzarako tresna bilakatzea irakasgai

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 1a, 18:40
Topic zentroa UNIMA eta EHUko udako ikastaroen aterpe izaten ari da egunotan

Txotxongilolarien nazioarteko UNIMA elkarteak laugarrenez antolatu du aurten, Tolosan, udako eskola. Euskal Herriko Unibertsitateak ere bide bera hartu du udako ikastaroei dagokienez eta, beraz, Euskal Herria plazako eraikina hezkuntzaz josia da egunotan.
UNIMAren udako eskola datorren uztailaren 7ra bitarteko saioek osatuko dute, tartean hiru ikastarorekin. Horrela, egurra zizelkatzen ari dira egunotan, erabar egurrezkoa den txotxongilo bat osatu arte. Chris Geris adituaren eskutik jasotzen ari dira eskola horiek eta, Xabier Ormazabal Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariordeak azaldu duenez, nazioarteko ikasleak elkartu dira Tolosan: «Kolonbia, Txile, Brasil nahiz Espainiako jendea etorri da».
Datozen egunotan Salvatore Gatto italiarraren jakintzaz gozatzeko aukera ere izango da UNIMAko egitarauaren barruan, eta eskularruzko txotxongilo tradizionalaren teknika ardatz izango du berak.

Txotxongiloa, hezteko
Aisirako eta gozamenerako bidea den arren, txotxongiloa haur eta gaztetxoen hekuntzarako ezinbesteko objektu ere bilakatu daitekeela uste du hainbatek. Horietako bat da, zalantzarik gabe, René Baker ingelesa, eta EHUren udako ikastaroetako saioen arduraduna da.
Txotxongiloa eta alfabetatzea izeneko proiektuaren haritik, Baker-ek hizkuntzaren jabekuntzan txotxongiloek eskaini dezaketen laguntza erakutsi die bertaratuei, hainbat ariketaren bitartez.
Izan ere, Topic zentroko ardatzetako bat da hezkuntzarena: «Zentro integrala da duela bost urte sortu zenez geroztik eta, ikerketa sailaz gain, pedagogia batzorde bat ere bada, inguruko ikastetxeekin elkarlanean», dio Ormazabalek.
Ikasturtean barrena, hilero, bospasei ikastetxetako gaztetxoak bertaratzen dira zentrora eta, aurten, berrikuntza bat dute esku artean: gaztetxoek beren ikasgeletatik egin ahal izateko on-line ikastaroak eskainiko dituzte irailetik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!