Zortzi egitasmori ekingo die Tolosako Udalak, aurrekontuaren emaitza positibotik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 30a, 13:30
Gaur iluntzeko osoko bilkuran kreditu aldaketa proposatuko du udal gobernuak.

Tolosako Udalak zortzi proiektu berri martxan jarri ahal izango ditu, 2013ko aurrekontu likidazioaren emaitza positiboa medio. Horrela, Santa Luziako lur-eremuaren desjabetzearekin hasita, beste hainbat egitasmotara bideratuko dute 2,5 milioi euro inguruko aurrezki garbia.

Ibai Iriartek eta Lore Agirrek eman dituzte kreditu aldaketaren eta egitasmo berrien nondik norakoak eta, hasteko, Santa Luziako lursailaren desjabetzea izan dute hizpide. Elosegi parkeko kasu berbera da Santa Luziakoa, eta epaia jada iritsi denez, Tolosako Udalak 826.690 euro ordaindu beharko ditu desjabetzeagatik: "Gainerako alderdiekin hala adostuta, 2014an erdia ordainduko dugu, eta, gainerako bi urteetan, beste bi laurdenak ordainduko ditu udalak", azaldu du Lore Agirrek.

Horrekin batera, eta aurrekontu positiboak ahalbidetutako kreditu aldaketa onartzen badute, 1,3 milioi euro inguru erabilgarri izango dira Ibai Iriartek zehaztu dituen proiektu berriak gauzatzeko. San Esteban auzoko parkina egokitzeko lanak finantziatuko dituzte diru horrekin, batetik, eta Beotibar pilotalekuko aldagelak eraberritzeko beharrari ere erantzun nahi dio udalak, 43.500 euro horretara bideratuz.

Era berean, Alde Zaharreko bizilagunentzako bizikleten aparkalekuek aurreikusitakoa baino arrakasta handiagoa izan dute, eta jada 200 pertsonak izena eman dute; horrela, beraz, 157.000 euro bideratuko dituzte egitasmoa martxan jartzera.

Bedaiora begira ere jarri da Tolosako Udala, eta Abaetxe eraikineko obrak osatu ahal izateko ere oso baliagarria suertatuko zaio, udalari, kreditu aldaketa. Iriartek nabarmendu duenez, lan handia egin behar da, eraikinaren oinarri eta zimenduak aldatu behar baitira. Horrela, 316.000 euro erabiliko dituzte Bedaiora jendea erakarri eta bertako auzotarrei zerbitzu bat eskaintzea ere helburu duen egitasmorako.

Beste auzoetako beharrei ere erantzun nahi diete, beraz, 200.000 euro erabiliko dituzte auzotarren beharrak dektektau, adostu eta asetzeko.

Santa Luzia auzoa, gainer,a desjabetzearekin batera, 84.000 euroko inbertsioa egingo du Tolosako Udalak. Martin Gartino ahaldun nagusiaren bisitan azaldu zuten moduan, lehen sektoreari begirako haztegiak jarri nahi dituzte bertan, Fraisoroko ikasleei nahiz lehen sektorean trebatu nahi duten gazteei aukera bat emateko.

Azkenik, Tolosako Udala Goiener kooperatibako kide bilakatuko da 1.000 horretara bideratuz: "Kopuru sinbolikoa da energia berriztagarrien esparruan aritzen den kooperatiba honentzat, eta Tolosako Udalari sekulako ahokularitza eskainiko dio, ziur".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!