Tolosandblues jaialdia hamargarrenera iritsi da. Atzo eman zitzaion hasiera Belceblues talde bergararrarekin, eta Duke Robillard izar duen egitarau zabal batek emango dio jarraipena gaur, bihar eta etzi. Iñigo Martin da jaialdiaren antolatzaile lanetan aritzen dena, eta Tolosandblues «erabat kontsolidatu» egin dela dio: «Hasieran ez genuen espero honainoko ibilbiderik egingo genuenik. Hasierako urteak izan ziren zailenak, jendea ez zegoelako ohituta musika mota horrekin. Euskal Herrian jaialdi onenetakoa da egun».
Maila horretara iristeko formula goi mailako programazioa lantzea eta blues zale guztiei eskaintzea izan dela gaineratu du Martinek: «Atzerriko musikari apartak eta ezagunak ekarriz; batzuk ezagunak, beste batzuk ez hain ezagunak, baina goi mailakoak».
Talde eta emanaldi gogoangarriak izan dira orain arte jaialdian. «Adibidez, Little Charlie and the Nightcats, Kaliforniakoak, uste dut 2008an izan zirela, eta une horretan mundu mailan talde onenetakoak. Hain justu, Euskal Herrian kontzertu bakarra eman zuten hemen Tolosan, eta gero Valentzian eman zuten eta ondoren taldea desegin egin zen. Abisatu zuten taldea deseginda zegoela martxoan, baina kontratua egina zutela gogorarazi eta etorri ziren. Zoragarria izan zen kontzertua, eta blues musikarekin harremanekin ez zuten entzuleek ere onartu zuten apartak zirela». Martinek Sherman Robertson gitarra joleak eskainitako «emanaldi bikaina» ere gogoan du: «Euria ari zuen, eta eszenatokitik behera jaitsi zen, jendearengana, eta han egon zen gitarra jotzen». Frontonen gauza onak ikusi direla esan du: «Francisco Simon gitarra jotzailea; aho-soinu jotzaile apartak, Joan Pau Cumellas eta Victor Puerta katalanak eta Antonio Serrano madrildarra... Gauza interesgarriak entzun eta ikusi ahal izan ditugu eta espero dugu horrela jarraitzea».
«Berehalako konexioa jendearekin»
Jendeak ezusteko handia hartu duela blues musikarekin sumatu du Martinek: «Lehenengo aldiz egin genuenean, 2005ean, jende gutxi bildu zen. Baina gero bilera egin genuenean orduko Kultura zinegotziak esan zuen: «Oso musika ona, hurrengo urtean berriro egingo dugu». Eta horrek indarra eman zigun honekin jarraitzeko eta jendearen aitormena jasotzeko». Jendeak musika mota hori ez zuela ezagutzen gaineratu du, baina urteen poderioz konturatu dela baduela zerbait berezia: «Zerbait kutsatzen duena, jendea dantzan jartzen duena; berehalako konexioa dago musikariaren eta jendearen artean».
Urtetik urtera jende gehiago elkartzen da, eta Plaza Berrian 400 edo 500 pertsona biltzea «normala» dela dio Martinek. «Aurreko urtean bai Solana 4 tabernan eta baita Saikinen ere jende ugari elkartu zen kontzertuak ikusteko. Horrek indarra ematen du, horrek erakusten du jendeak baloratzen duela musika mota hau, badaki talde onak ekartzen ditugula». Jende gehien erakarri duena Raimundo Amador izan zen. «Amador Madrilgo blues bandarekin etorri zen. Amua Raimundo Amador izan zen, eta Plaza Berrira joan ginenean agian bi mila pertsona zeuden. Dena gainezka zegoen, eta elkarri begira geratu ginen 'zer gertatzen ari da hemen' esanez, eta berehala konturatu ginen jendetza hori Raimundo Amadorrengatik zegoela hor».
Etorkizun «aparta»
Aurrekontua aurten 16.000 euro ingurukoa da, eta Tolosako Udalak horretatik 10.000 euro jartzen ditu. Hortik aurrera hainbat babesle daude, tartean kontzertuak izaten diren inguruko tabernak. Bestalde, musikariei afariak eskaintzen zaizkie herriko elkarteetan, normalean Eroetxe, Txinparta eta Lizardin. «Horrek ere sortzen du musikarietan horrelako kuriositatea», dio Martinek. «Segituan galdetzen dute ea nola funtzionatzen duen, eta zer egin behar izaten den bazkide izateko». Atzerritik etortzen diren askok izaten dute hemengo sukaldaritzaren berri: «Badakite hemen ondo jaten dela, eta aurretik dituzten aurreikuspenak betetzen zaizkie, gustura jateaz gain, elkarteetan egoten den giroarekin».
Aurrera begira, Martinek etorkizun «aparta» ikusten dio Tolosandblues jaialdiari. «Aurtengoarekin gozatu gabe, dagoeneko hurrengo urterako baditut buruan pare bat talde, zer formaziorekin-edo etorri daitezkeen pentsatzen... Azkenean ia urte guztiko lana izaten da egitaraua pentsatu eta osatzea. Nik etorkizuna aparta ikusten diot, eta udalak aurrera segitzeko asmoa badu, aurrera egingo du jaialdiak».
Egitaraua
Ekainak 27, ostirala
19:30. Chino & the Big Bet, Ilargi tabernan.
22:30. Travelling Brothers, Euskal Herria plazan.
Ekainak 28, ostirala
12:30. Sweet Marta, Lopez Mendizabal plazan.
19:00. David Gorcelli Wax & Boggie, Solana 4 tabernan.
22:30. Sweet Marta & The Blues Workers eta Duke Robillard. Plaza Berrian.
Ekainak 29, igandea
13:00. David Gorcelli Boogi Woogi & Blues, Saikin Tabernan.
20:00. Txaston Dixie Band, Txurreriaren aurrean.
Artistak, banan-banan
Iñigo Martin Tolosandblues jaialdian izango diren taldeen inguruan
Chino & The Big Bet
Chino berez argentinarra da, baina urte asko daramatza Bartzelonan. Hiruko akustikoan dator, eta garai batean mitoa izan zen Robert Johnsonen kanten bertsioak egiten ditu, baina ukitu bereziarekin, bere gitarra resofonikoarekin, kontrabaxuaz eta bateriaz lagundurik. Oso ondo kolokatzen du Robert Johnsonen ahotsa, kontuan izanik duela ehun urte egiten zen musika dela. Chino entzuten denean, zahar kutsua duela esaten duzu, baina zentzu onean. Jaialdiko ezustekoa izango da, dudarik gabe.
Travelling Brothers
Bitan ikusi ditut aurten, bai Zizurkilgo Blues Gauean eta baita Cheyenne tabernan, bere disko berriarekin. Hamar pertsona datoz guztira, zortzi musikari eta bi korista. Hauen musika swing eta rock and rolla da, eta country ukitua duen doinu bat ere joko dute, eta baita mambo bat ere. Ikuskizuna ziurtatuta dago.
Sweet Marta & The Blues Workers
Ezagutzen dudan lehenengo emakumea aho-soinua jotzen. Bartzelonatik datoz, lauko formazioan: Sweet Martaz gain, gitarra, baxua eta bateria. Blues klasikoa, 60 eta 70eko hamarkadakoa jotzen dute. Ondoan gitarra jotzaile ona dute bandan.
David Gorcelli Wax & Boogie
Kataluniatik datoz hauek ere. Gorcelli pianoan, abeslari bat eta bateria jolea izango da formazioa. Duela 100 urteko piano doinuak entzungo ditugu. Gorcelli artista hutsa da, zaletuek eta publikoak orokorrean gozatua hartuko dute.
Duke Robillard
40 urte inguru daramatza musikaren munduan. New York-etik dator, Roomful of Blues taldearen sortzaileetakoa; 63 urte inguru izango ditu, Euskal Herrian kontzertu bakarra eskainiko du, eta punta-puntakoa da blues musikaren munduan. Jazz eta swing ukituak ere baditu, oso bersatila da, eta bere maisua T-Bone Walker handia izan zen.
Herriko talde bat, Tolosandbluesen
Txaston Dixie Band talde tolosarrak bere estreinako kontzertua emango du aurtengo Tolosandblues jaialdian. «Talde xume bat gara, iazko udazkenean sortu zena», dio Juanmi Calahorra bateria joleak. «Hasi ginenetik helburua izan da entseguetan ondo pasatzea, eta garbi zegoena zen dixieland musika egin nahi genuela, hau da, aurreko mende hasieran New Orleans-en sortutakoa». Musika mota hori oso aproposa dela dio haizezko instrumentuekin jotzeko. «Beti txarangetan-eta ibili direnak zerbait ezberdina egiteagatik eta musika alaia jotzeko asmoz» elkartu dira. «Guretzat erronka izaten ari da», esan du.
Hainbat lekuetatik etorritako musikariak direla dio Calahorrak: «Musikalki profesionalak direnak, baina agian instrumentua menperatzen ez dutenak. Beraz, ondo pasatzeko zentzu horrekin elkartu gara». Tolosandblues jaialdian parte hartzeak «errespetu handia» ematen diela dio Calhorrak, «jakinda gure lehenengo kontzertua izango dela. Une honetan bertigo pixka bat eta errespetua ematen digu». Ingurukoak emanaldian izango dituztela dio Calahorrak, eta hori beraien lehen emanaldirako ere babes moduko bat izango dela.
Calahorrak Tolosandblues jaialdia jarraitu du: «Beti gustatu izan zait bluesa, musika orokorrean maite dut, eta aukera izan dudan guztietan kontzertuetara joan naiz. Maila handia hartu du, eta harro gaude eta, esan bezala, errespetua ematen digu jaialdiko azken emanaldia gurea izatea». Behin lehenengo kontzertua emanda, hortik aurrera bere helburua hobetzen jarraitzea izango dela gaineratu du.
Partaideak:
· Joseba Ruiz tolosarra. Klarinetea.
· Mikel Civico tolosarra. Saxofoi altua.
· Xabier Otamendi 'Foras' lasartearra. Saxofoi tenorea.
· Iñaki Aierbe ordiziarra (egun Altzon bizi da). Tronboia.
· Isitxo Larrañaga tolosarra. Tuba.
· Ander Zubillaga tolosarra. Gitarra eta banjoa.
· Juanmi Calahorra tolosarra. Bateria.