BTT eta Mendi Martxetan 120 lagun ibili dira

Asier Imaz 2014ko ekainaren 17a

Bedaion 120 lagunetik gora elkartu ziren igandean, mendian barrena kirola egitera joateko. VIII. Mendi Martxa eta VII. BTT Martxa antolatu zituen Artubi Kultur Elkarteak, eta giro ederrean ospatu ziren. «40 txirrindulari eta 86 oinezkok parte hartu zuten».

Goizean goiz lainoa zegoen Artubi gainean eta nahiko lan izan zuten kirolariek bidea jarraitzen, baina zailtasunak zailtasun, aurrera jo zuten gogotsu. Txirrindulariak «oso gustura» gelditu ziren ibilbide berriarekin, Artubitik azaldu dutenez. «Aurten luzatu egin nahi izan dugu itzulia, beste urteetako parte hartzaileen gomendioa jarraituz. Agian bide berria izatean markaketa hobetu beharreko puntu bat izan da. Bestalde ibilbidearen luzera oso ondo dagoela esan digute, eta exijentzia mailari dagokionez gogorra eta teknika maila handia eskatzen duena. Naturaz gozatzeko aukera paregabea», esan dute bedaiotarrek.
Artubitik azaldu dutenez, berezitasun moduan, Burgostik etorri zenik ere izan zen: «Larunbat gauean etorri zen, paraje berriak ezagutu nahirik bi ordu t’erdiko bidaia egin ondoren. 01:00etan iritxi zen, eta goizean goiz probari ekiteko prest zegoen. Maila desberdineko kirolariak bildu dira baina bakoitzak bere gorputzari jarraituz Bedaioko bideetaz denek gozatu dute, honela burutu ditu 66 urteko gazteak, sasoiz, Bedaion prestaturiko 45kmko ibilbide gogorra».
Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile guztiei eta probarako sari eta kontrol guneko freskagarrietan parte hartu duten enpresa eta laguntzaile guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!