Tolosako Udalak gertakariak Tolosan izan zirelako eta Caridad Angeles Rodriguez bera Tolosan bizi zelako aurkeztu da herri akusazio bezala, abokatuak argitu duenez.
Abokatuaren hitzetan, epaiketan argitu da etxean eztabaida bat izan zutela, eta Jose Antonio Garciak erail zuela Caridad Angeles Rodriguez. Gertakariaren inguruko funtsezko galderak erantzun direla dio abokatuak.
Epaiketako eztabaida nagusia izan da akusatuak hasieratik onartu zuela hilketa burutu izana. "Froga forenseak izan dira probarik garrantzitsuenak; guk autopsiaren txostena ezagutzen genuen, eta hor beste zauri batzuk ikusten ziren, eta hortik ondorioztatu dugu gauzak guk esan bezala gertatu zirela. Mediku forenseak oso informe ona egin du eta berak zituen datuak zer esan nahi zuten azaldu du epaiketan. Bestetik, beste forense batek, alde psikiatrikoa azaldu du, eta hau ere oso garrantzitsuena izan da", argitu du.
Hasiera batean 20 urte eskatzen zituzten akusatuarentzat, baina gerora eskaera igotzea erabaki dute. "Behar ez zen mina eragin zion biktimari, eta hori zuzenbide penalean astungarria da, eta hori frogatua geratu denez, eskaera igotzea eskatu dugu".
Kronologia
- 2012ko martxoak 25: Iluntzean hil zuten Caridad Angeles Rodriguez, Tolosako Larramandi auzoan zuen etxebizitzan. Ertzaintzak 20:00ak aldera jaso zuen gizonezko baten deia, emazte ohiak bere etxeko atea irekitzen ez ziola eta. Etxebizitzako gela batean aurkitu zuten hildako emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin. Hiru ordu beranduago atxilotu zuten emakumearen orduko bikotekidea. Hilketa onartu zuen.
- 2012ko martxoak 26: Ez ohiko batzarra egin zuten Tolosako udaletxean. Udala osatzen zuten ordezkariek eta alderdi politkoek testu bateratua onartu zuten, Berdintasun sailarekin, Bilgune Ferministarekin eta Berdinbide taldearekin batera, eraso sexista salatzeko. Ez ohiko batzarra eta gero elkarretaratzea egin zuten Trianguloan Bilgune Feministak deituta.
- 2012ko martxoak 27: Emakumeen Mundu Martxak deituta elkarretaratzea egin zuten Trianguloan. Emakumearen etxebizitzaren atarian bizilagun talde batek ere oroigarria jarri zuen emakumeen biolentzia salatzeko eta Rodriguezen seintarteko eta lagunei elkartasuna azaltzeko.
- 2012ko martxoak 30: Tolosako Litaarafu-Ezaguguz elkarteak elkarretaratzea egin zuen emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Elkartearen helburua islama eta musulman kultura ezagutaraztea dira.