Goi-mailako ahotsak Oierren alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ekainaren 3a

Donostiako Orfeoiak elkartasun kontzertua eskainiko du, San Joan jaien barruan, Stop Sanfilippo eta Oier Iribarreni laguntzeko.

Eskualde osoan bat egin du Oier Iribarren haurrari eta sanfilippo gaitza dutenei laguntzeko, eta, bide horretan, Donostiako Orfeoiak ere jarriko du bere aldea. Ekainaren 21ean elkartasun kontzertua eskainiko dute Leidor aretoan, eta emanaldia sanjoanetako egitarau ofizialean txertatu dute, gainera.

Ainara Gozategik, Jose Gozategik eta Herme Sagarnak eman dituzte egitasmoaren inguruko azalpenak eta, besteak beste, Pablo Sorozabal, Tomas Breton, Jose Pagan, Juan Montes, Leonard Bernstein eta Mikel Laboaren lanak bilduko dituzte errepertorioan. Aipatzekoa da, Tolosan eskainiko duten emanaldi berbera eskainiko dutela, astebete lehenago, Madrilgo (Espainia) Auditorio Nacional delakoan, pianoaz lagundurik. Goi-mailako kontzertua izango da, beraz, 80 kantariren artean eskainiko dutena.

Herme Sagarna tolosarra izan zen proiektu txiki honen ideia buruan izan zuena: "Arazo honi laguntzeko abesbatzen mundutik zer egin zitekeen pentsatzen aritu nintzen, izan ere, Tolosan pisu handia du abesbatza musikak, eta baita tradizioa ere. Herria maila oso oneko taldeak badiren arren, Donostiako Orfeoiko zuzendari Jose Antonio Sainz Alfarorekin nahiz kide batzuekin harremana dut, eta lan erraza izan zen haiei proposamena egitea", dio.

Orfeoiaren agenda estua dela eta, ez da erraza izan data zehaztea; gainera, egutegietan ondo apuntatzeko eguna izango da, izan ere, Donostiako Orfeoiak duen 117 urteko ibilbidean, hirutan soilik kantatu izan dute Tolosan.

Horrela, beraz, Oier Iribarrenen aldeko emanaldira bertaratzeko sarrerak 15 euroan jarri dituzte eskuragarri, Ayerza mertzerian, Nik-Hi arropa dendan, Orue erretegian, Dickens kafetegian, Saikin tabernan, Otzarreta harategian eta Leidor zinemako leihatilan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!