Landareak artelan bilakatzen direnean

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 31a, 17:46
Lore eta landare azokak hartu ditu, gaur, goizetik eguerdira, Tolosako Trianguloa eta Berdura plaza.

Eguraldi onarekin azokak ere beteagoak izaten diren arren, lore eta landare azokak eman dio kolorea, gaur goizean, Tolosari. Betiko landareak, bonsaiak nahiz fruta-arbolak eskuragarri izan dira postuetan, eta, horrekin batera, berrikuntza bat ere ekarriko du aurtengoak: zentro lehiaketa antolatu dute Tolosa & Co merkatari elkartearekin batera.

Udalak hainbat landare utzi ditu parte-hartzaileen eskura eta, beren gisara, bakoitzak zentro bana diseinatzeko tartea izan du 12:00ak bitarte. Horrela, epaimahaiak zentro guztiak aztertu ondoren, Sara Odriozola tolosarrak jaso du lehen saria, 160 euroko ordainsariarekin batera. Epaimahaiak, besteak beste, landare bakarrarekin zentroari emandako originaltasuna nabarmendu du.

Bide beretik, bigarren saria Ana Mari Amiano altzotarrak jaso du, 120 euroko ordainsariarekin, eta, bere kasuan, zentro berean erabilitako landare aniztasunak arreta eman dio epaimahaiari.

Sariak banatzen hasita, hirugarren bat ere banatu dute eguerdiko ekitaldian. Izan ere, bukatu berri diren Naturaldia jardunaldietan loreak oparitu zizkieten herritarrei, azokan, eta hobekien zaindu dituztenen artean zozketa egin dute, 50 euroko ordainsaria oparitzeko. Horrela, Leire Cortes tolosarra izan da zorteduna.

Zentro lehiaketan parte hartu duten guztiei, azkenik, landare bana oparitu die Tolosako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!