Egitasmo guztiek dute hasiera bat eta Musikherria egunarena Tolosako Udalean gauzatu zen, Igor Ezenarro Festak eta Kultura zinegotziak azaldu duenez: «Udalean bururatu zitzaigun, eta buelta batzuk ematen hasi ginen; musikari talde bat elkartu genuen eta haiei gure ideiak azalarazi, eta azkenean egun dagoen egitaraua osatu dugu».
Joxe Manuel Agirre dultzaina joleak eta udal musika eskolako dultzaina irakasleak egitasmoaren garrantzia nabarmendu du: «Oso garrantzitsua da horrelako ekimenak antolatzea, gehien bat bertako musikarien lana aitortu eta etorkizunean erakargarriago bihurtzeko». Igor Agirre Jainekin txarangako kideak azaldu duenez, egitasmoa antolatzen hasi zirenean ikusi zuten ez zela asmoa musika mota jakin batean zentratutako festa bat antolatzea: «Azkenean talde ezberdinak elkartzea izan da helburua, eta esaterako gauean kontzertuak antolatu dira, beste musika horri ere bere protagonismoa emateko».
Tolosan kaleko musikaren zaletasun handia dago, eta besteak beste, horren isla dira inauteriak. «Zaletasun hori hainbat eta hainbat urtetan egindako lanari esker da», esan du Joxe Manuel Agirrek. «Musika eskola hor egon da lanean, eta harrobi bat sortu da. Gero badauzkagu inauteriak, eta azkeneko urteotan ikusten da inauteriek duten pisu ere. Garrantzi horrekin, hori eredu bezala hartuta, hainbat musikarik instrumentu bat ikasten dutela hor jotzeko. Egia esan, nire ustez behintzat Tolosak musikari eta harribitxi asko ditu». Askotan kulturan «ikuskizun handiak» goraipatzeko joera izaten dela gaineratu du, «baina niretzako oso garrantzitsua da horrelako egunak izatea, alde batetik musikariok kalea, gure espazio naturala dena, okupatu, eta ondoren datozenak ere izan dezaten eredu bat». Ikasleek ere bere baliabideak eta ikasketak erakusteko leku bat izatea «oso interesgarria» iruditzen zaio.
Beste herrietan ere zaletasuna badagoela dio Ezenarrok, eta Tolosa berezi egiten duena kaleko musikarako dagoen «ikaragarrizko zaletasuna» dela dio: «Gutxi kostatzen zaigu kalera ateratzea musika eginez. Gainera horri elkartzen badiozu edozein elkartetan, ospakizunetan, beti izaten dela musikaren presentzia... Edozein larunbatetan txarangaren bat, edo dultzaineroak, izan daitezke giroa alaitzen». Musika eskolan «harrobi handia» dagoela esan du Ezenarrok eta hori zaindu egin behar dela.
Igor Agirrek beste biek esandakoa berretsi du: «Beste herrietan afizioa ere izango da musikarako, baina astero-astero kalean musikaren presentzia izate hori... Nik behintzat ez dut ezagutzen hemen inguruan beste herri bat horrenbesteko mugimendua duenik». Zaletasuna ez dutela bakarrik musika jotzen dutenek gaineratu du, «baita musika entzuten dutenek eta disfrutatzen dutenek ere». Beste herri batzuetan, kalean jotzen aritu eta bakar-bakarrik egon zaitezkeela dio: «Tolosan hori ez zaizu behin ere gertatzen. Zu zure festa ospatzen ari bazara eta txarangarekin ateratzen bazara ere, beti dago norbait zuregana inguratzen dena eta bere parrandatxoa botatzen duena».
Festa irekia
Egunean bertan zer giro espero duten galdetuta, Ezenarrok astelehena bitarte bazkarirako 350 txarteletik gora salduta daudela azaldu du, eta oraindik kopurua igo daitekeela gaineratu du: «Zenbaki polita da, bada giroa sortzeko». Joxe Mari Agirrek esan duenez, «musikaria gustura badago, ingurukoei hori transmititu egiten zaie. Festa egun bat da, eta nori ez zaio festa gustatzen? Festa ireki bat izanik, nik uste dut umorea eta giro ona bermatuta dugula».
Musikariek musika afizio edo ofizio duten galdetzean, Igor Agirrek garbi du bere kasuan afizioa dela: «Lan moduan ere hartzen dugu, seriotasun horrekin hartzen dugu, ez da dena parranda izaten, joaten garen lekuetan eskatzen zaiguna eman behar dugulako. Baina, azken finean, kalean ibiltzen garen musikariei ez balitzaiguke gustatuko, ez ginen ibiliko horretan. Musikari profesionalak badaude emanaldiak egiten dituztenak, baina gurea afizio ez bada, ez dut uste ofizio izango denik».
Afizioa ofizio bihurtzen zaio egun batzuetan Joxe Manuel Agirreri: «Tamalez ofizio bezala ezin da hortik bizi, eta afizioa eta ofizioa nahastu egiten dira. Gainera, nik musika instrumentuak ere egiten ditut». Musikari bezala egun batzuetan, beraz, ofizioa izaten da berarentzat, baina gehienetan afizioa dela dio.
Kaleko musikak duen ezaugarri nagusienetakoa, noski, musikariak herritarrez inguratuta ibiltzen direla izaten da. Tolosan berotasun hori jasotzen dela dio Igor Agirrek: «Jendeak baloratu eta eskertu egiten dizun plaza da Tolosa, eta hori musikarioi gustatu egiten zaigu». Joxe Manuel Agirrek dioenez, «Tolosa guretzat plaza garrantzitsua da, eta hortik aurrera beste lekuetara joaten garenean, harrera ona izaten dugu». Asko eskertzen du Tolosa laua izatea: «Ez du ematen, baina Ibarrako aldapatxo hori igotzen arnasaren erreboluzioak handitu egiten dira. Bestalde, espazioa kontrolatu egiten dugu, badakizu nondik nola ibili, zein tabernatan hartu potetxo bat...».
Jendea inguruan saltoka ibiltzeak ere bere arriskua suposatzen du musikarientzat. «Nik uste dut edozein instrumentutan eta edozein lanetan bezala gertatzen dela», dio Igor Agirrek. «Zu zurean ari zara, eta horretan bakean uztea nahi duzu, disfrutatu baina distantzia bat mantenduz. Bestalde, badakizu jendea emozionatu egiten dela eta ulertuegin behar diezu ere». Bere kasuan, jendeak distantziak mantentzen dituela dio Joxe Manuel Agirrek: «Tartean izaten da eroren bat edo, baina guk neurria hartzen diogu, eta normalean ez da arazorik izaten».
Musikaria, ibiliz egin
Gazteak gaztea ekartzen duela dio Joxe Manuel Agirrek, musika eskolan dultzaina ikasten dutenen kopurua galdetuta. «Garrantzitsuak dira horrelako espazioak kalera ateratzeko. Kaleko musikari bat ez da eserita egiten, edo gela batean entseguak eginez. Kalean ibili egin behar du, beste erritmo batzuk dira, jendea, iskanbila... beste kontzeptu batzuk dira eta horiek ibilita jasotzen dira». Dultzaineroek zortea dutela dio: «Hemen erraldoien konpartsa ederra dugu, eta ikusita besteei ere lekua utzi beharko diegula, nik ikasleak parte hartzera animatzen ditut. Ohitura horiek egun batetik bestera ez dira hartzen. Nik uste dut edozein musikarik espazioa behar duela, kalea behar duela jotzeko, eta horregatik Musikherria bezalako egun gehiago egongo balira hobe».
Igor Agirreri ere garrantzitsua iruditzen zaio musika eskolako ikasleek protagonismoa izatea horrelako egun batean: «Ni orain dela urte gutxi atera nintzen musika eskolatik, eta horrelako egunik ez genuen. Bandarekin irteerak genituen, baina zure parrandatxoa hauek ikusteko, besteekin elkartzeko moduko aukera hori ez genuen, eta egun honek badu hori. Nire ustez musika eskolan ikasten ari den edonor gustura sentitzen da horrelako giroetan».
Musika eskolatik ikasleak kalera ateratzen saiatzen direla azaldu du Ezenarrok: «Ikasleek ere kalera atera nahi izaten dute. Herri honetan musikariak kaleko musikari ikusten dituzte, eta afizioa sortzen da». Bestalde, Tolosan sortu den errepertorioaren aberastasuna nabarmendu du Ezenarrok: «Leku askotan entzuten dira txarangak hemengo abestiak jotzen. Nahiz eta askotan ez garen konturatzen, aberastasun bat badugu, eta hori azkenean Tolosako kultura zabaltzea da».
Elkartasunak ere izango du bere lekua Musikherrian. Herri bazkaria izango da eta bertan lortzen den dirua Stop Sanfilippo fundazioari bideratuko zaio.
Joxe Manuel Agirreren ustez, horrelako ekimenak sendotu eta egonkortu egin behar dira: «Alde guztietatik oso beharrezko ikusten dut». Aurreko astean izan zen eta udal musika eskolak antolatu duen Musikaria Astearekin lotura duela aipatu du: «Horri bukaera emateko, eta musikariok, hainbeste kanpora begiratu gabe, ondo pasatzeko egun bat ere bada. Besteei entzutea ere ondo etortzen da, eta nik uste dut egun ederra izango dela».
Igor Agirrek gaineratu duenez, «formula honek ez badu funtzionatzen, ikusi egin beharko dugu, eta saiatu beste zerbait bilatzen. Baina hau pentsatzeko unean uste dugu egun honetan jendeak ondo pasako duela, guk ondo pasako dugula, eta egongo dela elkarrekintza hori musikarien eta musikazaleen artean». Ezenarrok ere garbi du giro ederra izango dela: «Hau antolatzen hasi ginenean, ikuspegia ez zen izan goazen egitera urte askoan iraungo duen zerbait, baizik eta goazen hasiera bat ematera honi, goazen egitera musikari eta musikazaleek ondo pasatzeko egun bat. Eguna bukatu eta gero egingo dugu balantzea».
Ez da izango, beraz, aitzakiarik bihar egun ederra igarotzeko: musikaz beteko dira beste behin Tolosako kaleak.
Egitaraua
Maiatzak 31, larunbata
- 09:30. Dianak herriko auzo eta kaleetan.
- 10:00etatik aurrera, musika eskoletako ikasleak Alde Zaharrean.
- 12:00. Tolosa Kantari M. Luis Agirre doktorearen plazatik.
- 14:30. Herri bazkaria Alondegian. Bazkal ondoren musika zuzenean eta Larrain dantza.
- 18:00etatik aurrera, musika kalez kale.
- 22:00. Kontzertua eta dantzaldia Plaza Berrian, La Jodedera eta Tximeleta taldeekin.