Ane Izagirre: "Oraindik ez dut sinesten lortu dugun hori horrela lortu izana"

Ataria 2014ko maiatzaren 26a

Estanda Ordizia areto futbol taldeak, emakumezkoen lehen mailara igotzea lortu du. Bertan jokatzen dute, Irati Esteban orendaindarrak, eta Maddi eta Ane Izagirre tolosarrek. Azken honekin hitz egin dute Eutsi Goiari saioan.

Ordiziarrak bi goleko errentarekin joan ziren Kataluniara, joanekoan lortutako 3-1eko emaitzari esker. Bada, Rubí taldeak sekulako norgehiagoka jokatu zuen itzulerakoan, eta hiru minuturen faltan 5-0eko emaitza zen markagailuan, kataluniarren alde. Izagirrek kontatu duen moduan, "kanporaketa galdutzat" jotzen zuten, baina "nolabait" hiru gol lortu zituzten azken minutu horietan. "Ez dut oraindik sinesten lortutakoa" zioen oraindik Ane Izagirrek, gaur, Ataria Irratian.

Itzuleran, Ordiziako Udalak harrera xume bezain beroa egin zion udaletxean, eta hainbat zale bildu ziren plazan igoera ospatzeko. Orain, "bulegoko lan asko" dutela onartu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!