Harrera bikaina izan du Zerkausiko Piknikak

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 24a

Zerkausi gaineko terraza piknika egiteko gune bilakatu da. Olatu Talkaren eskutik, nekazariek azokan saltzen dituzten garaiko produktuak belaunaldi gazteenengana gerturatzea izan du helburu ekimenak, eta antolatzaileak "oso gustura" azaldu dira izan duen harrerarekin.

Piknikaren lehen puntua azokaren aldamenean jarri duten postuan zegoen. Bertan, Tolosako azokako produktuez osatutako saskiak eskuratu ahal izan ditu jendeak, 10 euroren truke. Bi edo hiru pertsonarentzat gazta, intxaurrak, letxugak nahiz babekin osatu dituzte saskiak. Saski hori erosi duenak aukera zuen Zerkausiaren terrazara igo, eta Peñascal fundazioko ikasle eta sukaldarien eskutik produktuak dastatzeko. Era berean, saskia erosi gabe ere beraiek egindako pintxoez gozatu ahal izan da. 

Horrez gain, kulturaz bete da goizean gune hori. Batetik, BOX.A arte elkarteko kideak piknikerako mantelak diseinatzen aritu dira, eta bestetik, Barazki Truk musika taldearen doinuak izan dira entzungai. Tolosako hainbat taldetako lau musikarik osatutako proiektua da, eta jazz nahiz funky estiloei jarraituz kantu ezagunen bertsioak jotzen dituzte. 

Horrekin batera, gaztetxoenek hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izan dute, hala nola, baratza tailerra, hazi-bonba tailerra eta errezeta liburuak osatzeko tailerra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!