Kondairen errepikak dantzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 23a, 11:33
Udaberrik emanaldirako diseinaturiko kartela.
Udaberri dantza taldeko ikastaroetako neska-mutilek 'Kontatu beste bat' ikuskizuna eskainiko dute igandean

Urte osoko ikastaroen jardunari tiraz, ikuskizun berritzaileak antolatzeari ekin zion, duela zenbait urte, Tolosako Udaberri dantza taldeak. Aurten ere, gaztetxoenei herriko oholtzarik dotoreena eskainiko diete, ikasitako hura plazaratzeko. Eta ez da nolanahiko plaza izango, Leidorreko argi, musika eta istorio magikoak lagunduko baitiote euskal dantza errotuari, igandean, 12:00etatik aurrera, Kontatu beste bat izenburupean.

Ikasturte amaierako emanaldia ohitura bilakatu zaie, jada, dantza taldekoei. Izan ere, Tolosako musika eskolako bandari helduta eman zituzten Leidorreko lehen pausoak eta, bide beretik, Lask abesbatzarekin batera aritu dira azken bi urteotan, Alami, hosto baten hegaldia eta Ortzadarraren bila lanak oholtzaratuz. Kontatu beste bat lanak ere musika eta literatura kutsatuko dizkie euskal dantzari.

Zazpi, zenbaki magikoa

Mendeetan barrena, zenbaki magikoa izan da zazpia, literatura unibertsalean. Magia hori Leidorrera bertaratuz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetara bidaia egingo dute Udaberriko ikasleek, bertako dantzak errepasatu eta erakusteko.

120 neska-mutilekin dantza taldeko kide guztiak ariko dira lanean, eta taldeak berak sortutako istoriari forma emanez. Halaber, Udaberriko fanfarrearekin batera, Ion Arruebarrenaren saxofoi doinuak izango dira «beste bat kontatzeko» aitzakia.

Sarrerak salgai dira jada, 4 euroren truke, eta igandean bertan ere eskuragarri izango dira Leidor aretoko leihatilan.

Kaleko musikari baten bizitzak irakats dezakeen guztiaren bidetik

Egunak 24 ordu ditu herritar guztientzat. Batzuei motz geratzen zaizkie; beste askok, aldiz, eguzkia sartu baino lehen lo hartu nahiko lukete, ahazteko dituztenak amets bihurtzeko. Erosketa, eskola, tren-geltoki edo etxerako bideak gurutzatzen diren kale kantoian, bada 24 orduko egunei musika oparitzen dien gizon bat. Haurren begietan miresgarria den horrek, berdin erakartzen ditu helduen belarriak ere, kondaira eta dantza artean. Zuk ere beste bat konta diezazun nahiko duzu...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!