«Kabituko ote dira hiru zifrako zenbakiak markagailuan?». Bota dio batak besteari apustua norgehiagoka amaitzeko segundo gutxiren faltan. Eta jarraian, Maizaren hirukoa. Garbi barrura. 100-49. Usabalgo harmailetan zeuden dozenaka zaleak txoratzen, zutik, txaloka. Eta, bai, nonbait kabitu zen 100 zenbakia markagailuan.
Anekdota horrek balio lezake Bide Bide Donostiaren aurtengo denboraldia definitzerako orduan. Guztiz borobila izan baita TAKE-ko lehen taldeak egin duen sasoia. Bikain aritu dira tolosarrak, eta horren erakusle izan zen larunbateko neurketa.
Arrasaten EBA ligarako igoera ziurtatu eta gero, festa giroan hartu zuten azken sailkatua etxean, izan ere, partida hasi aurretik, omenaldia egin zieten horrenbeste gozarazi duten jokalariei. Klubeko gazteenek egin zieten harrera, Usabalera gerturatu zirenen txalo artean.
Norgehiagokaz, berriz, ezer gutxi esan daiteke, tolosarren nagusitasuna urte osokoa izan baita. Lehen laurdena, presio askorik gabe akaso, parekatua izan zen, baina ondorengo hamar minutuetatik aurrera azaldu zen urte osoan hoberena izan dela demostratu duen TAKE. Defentsa lanetan bikain izan ziren, eta saskiratze bat bestearen atzetik iritsi ziren.
Hiruko marratik min handia egin zuten Gonzalezen mutilek. Goar eta Maiza oso fin ibili ziren horretan. Uztaipean ere jokaldi onak burutu zituzten, bereziki, Beñat Azaldegiren, Julen Aranzabalen eta Iñigo Morenoren eskutik. Baina partidari azken ginga falta zitzaion: 100 zenbakira iristea. Eta baita lortu ere. Eginiko urteak bukaera hori merezi zuen.
Partidaren amaieran, jokalari eta entrenatzaileek mikrofonoa eskuetan hartu eta esker mezuak besterik ez zituzten izan: taldekide, zale, zuzendaritza, urtetan entrenatu izan dituzten klubeko gainontzeko entrenatzaile... «Denei esker lortu dugu».