ATARIA irratia ostiralero, erredakziotik atera eta eskualdeko herriak zeharkatzen ari da. Alegian eman zitzaion hasiera eta Aste Santu osteko saioa Orendainen izan zen, eta hauek erreleboa Amezketari pasa diote.
Bihar, 10:00etatik 13:00etara, Amezketako plazan izango dira ATARIA irratiko mikrofonoak. Herriko alkateaz gain, Zumadi eskolako ikasleak eta herriko hainbat eragile ezberdinen hitzak jaso ditu saioak. 107, 6 fm-an edota ataria.info webgunetik entzun ahalko da zuzeneko saioa.
Orendaindarren ekarpena
Orendaindarrak izan ziren protagonista apirileko azken ostiralean. Herriko Gorka Egia alkateaz gain, mikrofonoen aurretik pasa ziren parte hartze prozesu arrakastatsua aurrera eramateaz arduratu den Julen Aranburu gaztea, herrian lehen sektoretik bizi diren Andoni Egia eta Maider Murua baserritarrak, Ostatu jatetxeko ardura urte luzez daraman Enkarni Garmendia herritarra edota Florencio Zuriarrain erretiratua.
Herrian eskolarik ez duten arren, haurrik ez da falta Orendainen eta Aste Santuko oporrak izanik herriko txikienek ere parte hartu zuten zuzeneko saioan. Kantuan eta dantzan aritu ziren, besteak beste.