Gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dituzte gazteek. Eta hilabetearen lehenengo ostegunean, maiatzaren 8a, gaurkotasun handiko auzi bat jorratuko dute: Ukrainako gatazka. Jon Kortazar zen etortzekoa "Zer gertatzen ari da Ukrainan?" galderari erantzuteko, baina azkenean bideo-solasaldia egingo dutela esan dute.
Internazionalismoari eutsiz, Mumia Abu-Jamal Estatu Batuetako preso politiko afroamerikarraren kasua ere izango dute mintzagai, Euskal Herriko Mumiaren Lagunen eskutik eta haiek euskaratutako "Nire bizi osoa espetxean" dokumentalaren proiekzioarekin.
Bigarren astean generoak eta feminismoa landuko dute Otsabiko Gazteek. Horretarako, "Generoa: eraikuntza soziala?" izeneko tailerra antolatu dute, Tolosako Bilgune Feministako kideen laguntzaz. Era berean, emakumeen zapalkuntzaren eta azkenaldiko abortuaren lege-erreformaren inguruan eztabaidatzeko, "El secreto de Vera Drake" filma proiektatuko da Otsabin.
Drogen inguruan ere ariko dira eta Aitor Aspuru laudiotarra izango da Otsabin berak sakonki ikertutako gai bat azaltzeko asmoz: "Drogak, kapitalismoa eta mugimendu politiko erradikalak". Hurrengo egunean, 80ko hamarkadako egoera soziopolitikoa eta drogen afera oso ondo irudikatzen duen filma proiektatuko da, hain zuzen ere "El pico" filma. Ondoren, eztabaida burutuko da.
Eta amaitzeko hilabetea Autoeskola Antikapitalista izango da Otsabin, Ipar Koreako atzerriko ordezkaria den Alejando Cao de Benos politikariari egindako elkarrizketaren nondik-norakoak azaltzeko asmoz. Horren ostean, eztabaida bat zabalduko dute.
Kapitalismoaren alternatibak, globalizazioa eta errepresioaren inguruko zineforuma ere izango da. Ernaik "Díaz, no limpiéis esta sangre" eskainiko du, alegia 2001ean Genevan G-8ko Gailurraren harira egon ziren gatazken inguruko filma.
Maiatza Gorriari bukaera emateko, zehazteke dauden kontzertuak antolatuko dira, hilaren 31n. Hitzaldi eta proiekzio guztiak 19:30ean izango dira (maiatzaren 30ekoa salbuespen, azken ostiraleko euskal preso politikoen aldeko mobilizazioen ostean izango dela, 20:15etan alegia), Tolosako Izaskun Auzoko Otsabi Auzo Elkartean, Igaralde kaleko laugarrenean.
Egitaraua
- Maiatzak 8: Ukrainiako gaia lantzeko dokumental bat eskainiko dute.
- Maiatzak 9: Nire bizi osoa espetxean, Mumia Abu-Jamal presoaren kasua kontatzen duen dokumentala.
- Maiatzak 15: Generoa: eraikuntza soziala? tailerra.
- Maiatzak 16: El secreto de Vera Drake abortuaren inguruko filma.
- Maiatzak 22: Drogak, kapitalismoa eta mugimendu politiko erradikalak hitzaldia.
- Maiatzak 23: El pico drogek 80ko hamarkadan gure jendartean izan zuen eraginaren inguruko filma.
- Maiatzak 29: Ipar Korea eztabaidagai hitzaldia Autoeskola Antikapitalistaren eskutik.
- Maiatzak 30: Díaz, no limpiéis esta sangre globalizazioaren inguruko filma.