Herri baten saltsa, irakiten

Testua: Itzea Urkizu / Argazkiak eta bideoa: Lapiko Fest 2014ko mai. 4a, 19:00
Ferialekua borborka jarriko da maiatzaren 9an eta 10ean, Lapiko Fest egitasmoaren eskutik. Tolosako kultur eta kirol osagaiak nahastu eta herritar guztientzat perfektua izan daitekeen platera sortzen saiatu dira antolatzaileak.

Tolosako babarrunak egiteko lekurik onena eltzea izaki, herriko eragile, elkarte, talde eta herritar guztiak biltzeko pentsatutako egitasmoak ere kazola baten beharra zuen, ezinbestean. Osagai horiek guztiak sukaldatuko dituen pertza Ferialekua izango da, eta plateraren izena, berriz, Lapiko Fest.

 



Azken bost urteotan sustraitu egin da Tolosako gazteak lokaletatik atera, saretu eta haien arteko elkarlana sustatzea helburu duen Txapin Festa. Hari horri tiraz iritsi da datorren asteburuko egitasmo berria, eta «pauso berri bat emateko»z asmoz ari dira lanean antolatzaileak. Horrela, gazteen arteko festa soil bat egin beharrean, Tolosako eragileen arteko egitasmo indartsua prestatu nahi izan dute.

Lapiko Fest ez baita parrandarako gune hutsa izango: herriko musikari, kolektibo, kirolari nahiz produktu sortzaileek beren lana plazaratzeko gunea izango da. Egitaraua osatuz, besteak beste, saskibaloia, skate txapelketa, merkatua, pintxo-potea, kontzertuak, slackline-a, auto topaketa, film laburren emanaldia, DJak eta argazki rally-a izango dira, eta 50 boluntario inguruk kudeatuko dute jardun hori guztia.

Antolatzaileen ustez, maiatzaren 9 eta 10eko festa Tolosako eragileen lana errekonozitzeko bide bat ere bada, «herritarrei herrian dagoena erakustea» baita jomugetako bat: «Azken finean, herriko taldeak haien artean ezagutzeari begirako zerbait ere izango da eta, horrela, proiektuak aurrera eramateko beste modu bat garatu nahiko genuke». Nik zuri eta zuk niri filosofiaren aldeko aldarria izango da, beraz, Lapiko Fest, musu truk aritzen direnen arteko babesa eta laguntza sustatuz.

Kolektibo izaera horretan norbanakoentzako tartea ere gorde dute, izan ere, Lapiko Fest irekia da; halako proiektu bat antolatzeko bere alea jarri nahi duen edonor ongi etorria izango da hurrengo urtera begira. Bide horretan, Ferialekuko jardueretatik ideien elkartrukea sortzea polita litzateke antolatzaileentzat; bertaratzen den norbaiti hurrengorako ideiaren bat sortzea eta 2015eko jaia elikatzea, alegia.

Ahoz ahokotik harago, mundu birtualean, Facebooken ireki dute lapikora sartzeko leihoa eta bertatik helaraziko dute guztiaren berri, baita festa irakiten hasten denean ere: «Aurrera begira ahalik eta eragile gehienekin hitz egiten saiatuko gara, egitasmoa osatzeko».



Ez sexu, ez izen, ez etiketa

Ferialekuak babes emango dien jarduera guztiei erreparatuta, argi dago Lapiko Fest anitza izango dela. Antolatzaileetatik hasi eta publikoarenganaino hedatu nahi dute, ordea, aniztasun hori: «Festa honi ez diogu ez izenik, ez sexurik jarri nahi. Jendeak Lapiko Fest ezagutzea nahi dugu, besterik gabe, eta festa horren barruko jarduerengatik bertaratzea».

Modu horretara, etiketa guztiengandik ihesi joan dira proiektua abiarazi zutenez geroztik, ideia mugaraino eramanez: Lapiko Festeko antolatzaileek jendaurrean egin beharreko agerraldi guztiak jantzi berezi batekin egingo dituzte eta herritarrek ez dute jantziaren atzean dagoena ezagutuko. Festa iragartzen duen kartelean ikusgai dagoen moduan, esmokina izango da Tolosako eltze biziaren ikonoa, eta aurpegia ere estalita izango dute: «Ez dugu pertsona zehatz batzuek bozeramaile itxura hartzerik nahi, eta elkarlanean egindako lana elkarlanean kudeatu nahi dugu. Gainera, lanean daudenak ez identifikatzeak barruan nor egongo den ez jakitea dakar. Beraz, festa ez dute sailkatuko bertan dagoen jende motaren arabera».

Finean, kolektibotasunaren sinbolo bilakatuko da etiketarik gabeko esmokin beltza eta, aurrera begira, Tolosako eragileak identifikatzeko baliatu nahiko lukete.

Itsulapikoa elkartasunari

Goizetik gauera irekiko dituzte, Ferialekuko ateak, maiatzaren 10ean; bezperako film laburren emanaldia Leidorren izango da. Segurtasun eta kontrol arauak tarteko, sarrerari bi euroko prezioa jartzea erabaki dute antolatzaileek. 16 urtetik beherakoek nahiz kirol txapelketetan parte hartuko dutenek, ordea, ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

Esmokindunek argi utzi nahi izan dute sarreraren prezioa «sinbolikoa» dela eta doan sartzeko ideiari heldu nahi izan ziotela hasieratik: «Sortu diren gastuak ikusita, ordea, aurten ezinezko suertatu zaigu sarrera doan jartzea». Egungo egoera ekonomikoa kontuan izan eta «jendeak gauza askotara ezin duela iritsi» nabarmenduz, Tolosan sortutako kultura eta kirola tolosarrei zuzenean helarazteaz arduratu nahi dute, herritik eta herriarentzat, eta negoziorik egin gabe.

Horregatik, Lapiko Festek irabaziak sortuz gero, besteren baten itsulapikora bideratzea erabaki dute antolatzaileek: «Auto topaketa antolatzen duenak urtero elkarteren bati ematen dio bildutakoa eta minbiziaren aurkako elakrteari nahiz galgoak zaintzen dituen elkarte bati lagundu izan dio. Guk gauza bera egin nahi dugu, eta oraindik ezer erabaki ez dugun arren, elkarte txiki bati bultzada eman nahiko genioke».

 

 


Zineman hasitakoa dantzan bukatu

Maiatzaren 9an ostiralarekin ekingo diote Lapiko Festari, Leidor aretoan. 22:00etatik aurrera film laburren emanaldia izango da eta, guztira, zortzi lanez gozatzeko aukera izango da; tartean, Ibon Mugerza kirolari tolosarraren inguruan egindako Sunyata Lapse laburra ere ikusgai izango da.

Larunbatean Ferialekuko pertza berotzen jarriko dute 10:00etatik aurrera, orduan hasiko baita auto topaketa, aparkalekuan. Orain arte Ibarrako plazan antolatzen zen egitasmoa laugarrenez antolatu dute aurten, eta parte-hartzearen gorakadak ekarri du topaketa Tolosara, leku arazoak medio. 120 lagun inguruk parte hartuko dute eta «etortzea inori debekatuko ez diogun arren», topaketako ibilgailuek estilo berezi bati jarraitu beharko diote: «Garai bat markatu duten ibilgailuak izan beharko dute, estilo klasiko edo modernoa izanda ere, onak».

Horrela, eguerdian bazkaria egingo dute beren aldetik, eta autoekin itzuliko dira arratsalderako. Auto topaketara bertaratzen direnek festaren gainerako adarrak ere ezagutu ditzaten, Ferialekura sartzeko sarrerak emango dizkiete.

Bazkalondoan kirolen txanda izango da eta skate-ak eta saskibaloiak hartuko dute festagunea, txapelketa banarekin. Skate txapelketaren kasuan, izena bertan eman ahal izango da eta doakoa izango da. Saskibaloian aritzeko, berriz, 4 laguneko taldeak osatu beharko dira 5 euroren truke izena emateko, eta partida bakoitzak 10 minutu iraungo du.

Norgehiagoken tentsioa atzean utzi eta eskulangintzari begirada bat eman nahi diotenek ere izango dute aukera, 16:30ean zabalduko baitute Lapiko Festeko merkatua, 20:00ak bitarte. Guztira 50 postu jarriko dituzte, bertako eta kanpoko lana uztartuz; 25 postu tolosarrak izango dira, eta beste 25 kanpokoak. Baldintza bakarra eskuz egindako lanak aurkeztea izango da, produktua ezein delarik ere: janaria, bitxiak, osagarriak, artea... Horrela, oraindik ere zabalik da postua eskatzeko epea: gu@boxagara.com helbidera idatzi beharko da, norbere ezaugarriak zehaztuz.

17:30ean iritsiko da aurreko bi jarduerak uztartu ditzakeena: slackline erakustaldia. Kirola eta trebezia nahastuko dituzte Ferialekuan, artea izatera irits daitekeen orekarekin ikusleak harrapatu arte.

Iluntzean berriz, Ferialekutik mugitu ere egin gabe, pintxo-potea egiteko aukera izango da Peñascal fundazioaren eskutik, eta poteoko giroa aprobetxatuko dute sariak banatzeko. Aipatzekoa da, afaltzeko aukera ere eskainiko dutela esmokindunek, festagunean bertan. Afalondokoak, berriz, musikarien esku utzi dituzte eta goizaldera arte kontzertuak eta DJak izango dira, Ze esatek, Zesuma, Lain eta Insania Crew-ren eskutik.

Hainbeste jarduera, hitzordu eta jenderen joan-etorriekin, izango da, Ferialekuan, irudiak izozteko aukera ere. Kamera eskuan bizi direnentzat ere zabaldu dute eltzea, eta argazki rallya izango da maiatzaren 10ean, egun osoz. Eki argazki dendan izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek eta irudiak maiatzaren 23rako entregatu beharko dira.

Sukaldatuak izateko prest daude osagaiak, eta sua ere gertu dute esmokindunek, kazola berotzen hasteko. Astebete besterik ez, herri baten saltsa irakiten jarri eta lapikoaren festa hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!