Maiatzean, kultura ere loretan

Itzea Urkizu 2014ko api. 30a, 18:31
Tolosako Udalak eragileekin batera osatu du sanjoanak bitarteko egitaraua

Urte osoan bizi-bizirik izaten da Tolosako kultur agenda, eta udaberria ere halaxe dator. Horrela, Tolosako Udalak plazaratu du ekainera bitarte prestatutako egitaraua, herriko eragileek antolatutakoa ere bertan uztartuz.

Bereziki oparoa dator 2014ko maiatza, Tolosara. Bonbereneako kontzertu sorta ederra, udal musika eta dantza eskoletako emanaldiak, Udaberriko gaztetxoen emanaldia nahiz herri-musikarien egun osoko festaz gain, Leidor eta Topic kultur emariaren erdigune bilakatuko dira eta hurrengo asteburuan bertan ekingo diote jardunari.

Antzerki, musika emanaldi nahiz dantza ikuskizunekin batera, ordea, artearen plaza ere izango da udaberrian, Tolosa. Aranburu jauregian azken egunak egingo ditu Mari erakusketak, maiatzaren 3ra bitarte eta, hilaren 9an, berriz, artelan berriak ikusgai izango dira, Joan-etorriko nidaien artean, Errumaniako Rromen bizitzak erakusketan; egun berean, gainera, Hegoak/Sahara ere zabalduko dute.

Sanjoanen gertutasunaren harira, kartel lehiaketako finalistek lanak ere ikusgai izango dira, kultur etxean, maiatzaren 13tik 19ra bitarte; horien artetik aterako da irabazlea. Azkenik, Kale Nagusiko GKo galerian Espazio irekia erakusketa ikusgai izango da maiatzaren 2tik ekainaren 14ra bitarte.
 

Egitaraua

Maiatzak 9. Koka kola eta barea, 20:30ean, Topic zentroan.

Maiatzak 11. Oriako barandila Zerkausian, 12:00etan.

Maiatzak 16. Tenpora Leidor aretoan, 20:30ean.

Maiatzak 23. Santi Millanen bakarrizketak, Leidorren, 20:30ean.

Maiatzak 24. Bandaren kontzertua, Zerkausian, 19:00etan.

Maiatzak 24. Anariren kontzertua, 20:30ean, Topic zentroan.

Maiatzak 30. The Funanviolistas Leidorren, 20:30ean.

Maiatzak 31. Lore eta landare azoka.

 

Zabalik da kultura saileko diru-laguntzak eskatzeko epea

Tolosako Udalak zabaldu du, aurten ere, kultura saileko diru-laguntzak eskatzeko epea, esparu horretan Tolosan antolatzen dituzten egitasmo eta jarduerak finantzatzeko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean berria argitaratzen denez geroztik 30 egun izango dira eskaerak egiteko eta oinarriak nahiz informazio osoa www.tlsbat.net webgunean daude eskuragarri.

Kultura departamentuak zenbait irizpide zehazten ditu laguntzen kopurua eta balorazioa egiteko eta, besteak beste, honakoak hartzen ditu kontuan: elkarteak herrian duen pisua; atal teknikoen eta administratiboen kalitatea; urteko egitasmoan kultura bultzatzeko egindako lana eta udalarekiko elkarlana; parekidetasuna bultzatzeko aurreikusitako neurriak; euskararen sustatzea eta elkarteen arteko elkarlana sustatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!