Txotxongilolariak hezitzen

inigoterradillos 2014ko api. 24a, 11:16
Topic zentroan buztinezko txotxongiloak egin eta horiekin ipuinak sortzen ikasteko baliatu dute hainbat gaztetxok, Aste Santuko oporraldia.

Munstroekin, telebistako saio bateko pertsonaiekin edota denda batera lapurtzera sartu diren bi lapurrekin eginiko ipuinak. Irudimena erabili behar denean guztiak balio du, eta hori ari dira erakusten egunotan Topic Txotxongiloen Nazioarteko zentroan txotxongilo tailerrean parte hartzen ari diren neska-mutilei.

Aste Santuan urtero antolatu ohi dituzte Txotxongiloen zentroan gaztetxoei zuzendutako tailerrak. Kasu honetan, eskultore bilakatu dira haurrak, eta buztinarekin pertsonaiak sortzen ikasi dute. Era berean, sortutako txotxongilo horiei bizia emateko istorio edo ipuin baten gidoia idazten ere irakatsi diete, eta ipuin horietako protagonista bilakatu dituzte euren buztinezko txotxongiloak.

Hori guztia lau eguneko tailerrean ikasten dute, egunean lau orduz, goizetan Topic zentroan. Aurtengoan, 6 eta 13 urte bitarteko 16 gaztetxo elkartu dira txotxongiloak egin, eta horiekin antzezten ikasteko. Ia guztiak errepikatzaileak dira, eta bi gaztetxorentzat da aurtengoa estreinako aldia.

Topic zentroko begiraleek azaldu dutenez, «asko gustatzen zaizkielako, eta gozatu egiten dutelako errepikatzen dute urtero». Hala, taldeko helduenak direnak Topic zabaldu eta tailer horiek antolatzen hasi zirenetik hasi ziren etortzen, eta dagoeneko «aditu» bilakatu dira. «Badakite zer den txotxongilo bat, nola mugitu behar den, nola eman energia, nola jarri ahotsa... Urtetik urtera ikasiz joan dira, eta hori nabaritzen da».

Txotxongilo tailerra asko gustatzen zaienaren eta horiek iristeko irrikaz egoten direnaren adierazle izena emateko orduan tailerrari buruz galdetu egiten diete: «Oso polita izaten da izena ematerako orduan zentrora telefonoz hots egiten dutenean galdetu egiten digutela ea aurtengoan zer txotxongilo mota prestatuko duten». Hezitzaileek dioten moduan, tailerrean urtez urte parte hartzen duten gazteak «txotxongiloen zale bilakatzen joan dira, eta tailer hauetaz gain, ziur euren kabuz ere egiten dituztela txotxongiloak, eta eurekin antzerkiak».

Ipuinak sortzen
Herenegun hasi ziren tailerrarekin, eta lehen eguna antzeztuko duten ipuina sortzen, eta txotxongiloek irudikatuko dituzten pertsonaiak asmatzen igaro zuten. Behin hori eginda, buztinarekin txotxongiloaren burua izango dena egin zuten. Hori txotx bati lotuta joango da, eskuekin mugitu ahal izateko.

Atzokoa, koloreen eguna izan zen, aurreko egunean emandako formak marraztu beharrekoa, alegia. Begiak, sudurra, ilea, kapela... bakoitzak du bere kolorea, eta tentuz egon ziren gaztetxoak margotzen norbere txotxongiloa ahalik eta txukunen geratzeko. Gaur, txotxongiloa osatzen, eta gorputzari forma ematen jarraituko dute, eta antzezlanaren eszenatokia zehaztuko dute. Tailerreko azken egunean denen aurrean egiten dute asmatu duten ipuinaren antzezlana. «Taldearen arabera, gurasoen aurrean ere egiten dute antzerkia, horretarako duten gogoaren arabera».

Aisialdia igarotzeko modu berezia aukeratzen dute gaztetxo hauek, «irudimena landuz, ederki igaroz».

 
 

Argazki lehiaketa egingo dute Museoen Nazioarteko Egunerako

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Urtero moduan, Topic-en Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako. Batetik, ateak zabalik izango ditu, eta bestetik, argazki lehiaketa bat ere egingo dute.

Topic-etik gogoratzen dutenez, 1977 urtetik aurrera ospatzen da egun hori, eta «aukera ederra da, mundu osoan jendea kontzientziatu eta museoen zereginaz jabetzeko». Ildo horretatik, 2011n Museoen Egunak marka guztiak hautsi zituelan aipatu dute, izan ere, mundu osoko 120 herrialde ingurutako 30.000 museo inguruk antolatu zituzten jarduerak.

Aurtengo Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Topic-ek ateak zabalik izango ditu nahi duen ororentzat, maiatzaren 17ko gauean, eta maiatzaren 18an.

Bestetik, GKo, BOX.A eta Tolosako kultur etxeko argazki tailerraren laguntzarekin, argazki lehiaketa egingo dute, «txotxongilo zale, museoaren zale eta, oro har, argazkizale guztientzat».

Bakarrik, adiskideekin edo familiakoekin, partaideak gonbidatuta daude euren buruen argazkiak ateratzera museoan bertan, edota museoaren plano orokorrak edo txotxongilo zehatz batenak egitera. Topic museoa izango da, beraz, argazkiak ateratzeko gaia, eta Tolosako epaimahai profesional batek hautatuko du argazki onena.

Argazkiak Topic zentroaren web gunean (www.topictolosa.com) jarriko dituzte, eta guztiekin edozein bisitariei irekita egongo den erakusketa txiki bat antolatuko dute zentroaren Anbigu gunean, maiatzaren 17tik ekainaren 8ra.

Parte hartzeko

Ekimen horretan parte hartu nahi dutenek igandea, hilaren 27a, baino lehen eman beharko dute izena. Topic zentroko museora etortzen den edonork eta museoko lehiatilan lehiaketaren parte hartzaile bezala identifikatzen denak parte hartu ahal izango du argazki lehiaketan, izen emate orria beteta. Behin izena emanda argazkiak maiatzaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira Topic-en bertan.

Epaimahaiaren erabakia, berriz, maiatzaren 9an jakinaraziko dute, eta sari banaketa maiatzaren 18an egingo dute, Nazioarteko Museoen Egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!