EHBilduko sektore batek oso argi izan du atez atekoa Tolosan ez zela egokia hainbat arrazoirengatik. EHBildu osoari (Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Sortu) esker, Tolosan zegoen ondoezaz jabetu eta EAJk, PSEk eta PPk atez atekoa jar zedin zuten gogo ikaragarria ikusteagatik, konponbide egokia izango du Tolosak hondakinen gaian. Oposizioko hiru alderdi horiek defendatutako edukiontzien alde egin du EHBilduk eta, bide batez, birziklatze tasa oso txukuna eman dezakeen bidearen alde jarri da: txiparen alde.
Tolosak gutxiago birziklatuko du sistema honen bidez, baina zabor-poltsa urdina elastiko moduan soinean janztearen kale-istilu builoso eta bozgorailu bidezkoak, eta balkoi polit askoak zikintzen eta zabartzen dituzten balkoi-borroka urdinak-hainbat alditan EHBilduko sektore bati kritikatutako borroka motak, bide batez esanda- ekidingo direlakoan nago. Eta elkarbizitzarako ere onuragarri izango da hartutako erabakia.
EAJk, PSEk eta PPk hurrengo udal-hauteskundeetako kanpaina egina nahi zuten; zintzilikario bat nahi zuten kaleetan, birziklatzea bost axolata, zintzilikarioari egurra emanez EHBildu ahultzeko. Bost axola nola jasotzen den hondakina, bost axola errauskailu zikina eta pozointsua itxi den... Alkatetza galtzeak sortutako ondoeza tripetan dutenek kale istiluak nahi zituzten, besterik gabe, alkatetza eta udal gobernua kritikatzeko.
Baina ez, oso irakurketa ona egin du norbaitek tranpa gezurti horretan ez erortzeko eta, jakina, jeltzaleen eta haien bi bazkidetxoen atsekabea neurrigabekoa izan da.
Orain argi eta garbi geratuko da, bere balkoia eta Tolosa zikintzen eta itsusitzen, balkoi-borrokan jarraitzen duena, EHBilduren kontra dagoela besterik gabe, ez atez atekoaren aurka; hori ez baita hemengo bilketa sistema izango, udal gobernuak argi esan duenez. Kritika politiko hutsa izango da EHBilduren aurka, kritika guztiz partidista.
Iñaki Azaldegi Arrieta