Tolosatik nazioartera, txotxongiloen eguna ospatu dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko martxoaren 22a

Roberto White emanaldiko une batean.
Roberto White argentinarrak Topic zentroan garatu duen lan berria eskaini du estreinakoz.

Txotxongiloaren Nazioarteko Eguna ospatzeko Topic baino leku egokiagorik ez da Tolosan, eta larunbatean ere izan zen, zentroan, zer ikusi, entzun eta ezagutua.

 Roberto White argentinarrak hilabeteak daramatza, Topic zentroan, tesi bat garatu eta ikuskizun bat sortzen. Lan horren guztiaren fruitua taularatu berri du, Sueños 1 izeneko emanaldiarekin, eta hainbat haur, gazte eta guraso elkartu ziren zentroko aretoan.

Emanaldira sartu direnei, gainera, Eduardo Di-Mauro txotxongilolari maisuak 2014ko Txotxongiloen Nazioarteko Egunerako espreski idatzitako mezua banatu zieten Idoia Otegik eta Elena Basagoitiak; besteak beste, txotxongiloa aldarrikatu zuten arte adierazpen moduan, eta baita sustatu ere. Horrela, beraz, Topic-eko kide eta UNIMAko lehendakari den Otegik eskerrak eman nahi izan zizkien zentroan lan egiten duten guztiei, eta urte osoan barrena txotxongiloen museoa bisitatzen dutenei ere. Ondoren, Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Elena Basagoitiak Roberto Whiten emanaldia aurkeztu zuen.

Azkenik, aipatzekoa da larunbatean bertan zabalduko zutela Vietnameko ur-gaineko txotxongiloen erakusketa, eta lau hilabetez ikusgai izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!