Martin Garitano ahaldun nagusiak Tolosan emango du eguna bihar

Ataria 2014ko martxoaren 19a

Astelehenean Ibarrako Uzturpe ikastolan egon zen ahaldun nagusia
Bisita ofizialak hasi aurretik Atarian izango da. Egunean zehar Lehiberri, Box.A eta Bonberenean bisitatuko ditu, besteak beste.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak Tolosan pasako du biharko eguna, Herritarrekin Herrira ekimenaren barruan. Bisita ofizialak 10:00etan hasiko ditu, eta lehenago Atarian izango da eta irratian elkarrizketa eskainiko du.

Tolosarren kezka eta proiektuak ezagutzeko egingo du bisita, foru aldunditik azaldu dutenez. Goizean Lehiberri Zentroa eta Santa Luziako lurzorua ikusten egongo da Martin Garitano. Eguerdian Tolosa&Co-ko ordezkariekin bilduko da, eta arratsaldean, TOPA, Box.A eta Bonbereneako ordezkariak ezagutuko ditu. Egonaldia amaitzeko, 19:00etan bilera egingo du herritarrekin, kultur etxean.

Herenegun Ibarran izan zen Martin Garitano. Aranzadi zientzia elkarteak, Kristau Eskolak, Ikastolen Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena egina dute hondakinen kudeaketa egokia sustatzeko, eta Zero Zabor tailerrak garatzen ari dira ikastetxeetan. Ibarrako Uzturpe ikastolan Lehen Hezkuntzako haurrak ari dira lanketa horretan.Gipuzkoako ahaldun nagusiak bertatik bertara ikusi zuen Ibarrako ikasleak egiten ari diren lana. Bertan, «Gipuzkoa berri, garbi eta iraunkor baten alde» lanean ari direla esan zuen ahaldu nagusiak, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!