Zutani mugimendua sortu da, pobrezia eta bazterketa egoerei erantzuteko

Iñigo Terradillos 2014ko martxoaren 14a

Zutani Tolosa herritarren mugimendua solidarioa sortu dute herriko hainbat elkartek eta norbanakok, eta helburu nagusia Tolosan pobrezia eta bazterketa egoera larriak jasaten ari diren pertsonen beharrizan oinarrizkoenei premiaz erantzutea da.

 

Amarozko auzo elkartea, Iturriza jubilatuen elkartea, kristau etxea, Koku-yo elkarkidetza eta kooperazioa, Nagusilan, Ereite, Sahararren elkartea eta SOS arrazakeriak eta hainbat norbanakok osatzen dute mugimendua. Tolosako Udalaren babesa du, eta beste hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean ariko da, hala nola, Harizpe, Beti Gazteak, Appetol, Goienetxe fundazioa eta Gurutze Gorria.

Hasiera batean, premia handienari erantzungo dio mugimenduak, hots, beharra dutenei jatekoa ematea. Beraz, elikagaiak banatzea izango da hasieran Zutaniren egitekoa. Gipuzkoako Elikagaien Bankutik iritsitako janaria eta tolosarrek borondate onenarekin modu solidarioan emandakoa banatuko dute, Tolosako Udalak utzitako lokalean, Araba etorbideko 5 zenbakian, hain justu.

Elikagaiak jasotzeko beharra duten Tolosako bizilagun guztiek, beren datuak eman ez dituztenek, martxoaren 27tik aurrera jo dezakete Araba etorbideko lokalera, ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara eta 16:30etik 18:00etara, eta han esango zaie eman beharreko dokumentuak zeintzu diren. Era berean, zutanitolosa@gmail.com helbidera ere idatz dezakete.

Bestalde, egun 50 boluntario inguru ari dira lanean, eta euren denboraren zati bat jartzeko prest dauden pertsona boluntario guztiei ekimen solidario honetan parte hartzera deitu deituzte. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!