Suziria entzuteko astebeteren faltan, eguraldiari beldurrik ez Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko otsailaren 21a

Tolosako Udalak aurkeztu ditu aurtengo inauteriak, "berrikuntzarik handienak herritarren ideiak" izaten direla nabarmenduz.

Astebete barru eromena nagusi izango da Tolosako kaleetan, suziri eta txarangen erritmora ariko baitira herritar guztiak, martxoaren 4ko asteartitara bitarte. Iazko inauterietako eguraldi petrala hizpide izan da Tolosako Udalak egindako aurkezpen ofizialean, eta halaxe azaldu du Ibai Iriarte alkateak: "Joan den urtekoarekin inauteriez gozatu baldin bagenuen, aurten ez diogu beldurrik".

Herrian hain errotuta dauden gauzek ez dute aldaketa nabarmenegirik behar izaten, izan ere, Tolosan "herritarrek sortzen dituzte berrikuntzak inauterietan, beren ideiekin", dio Ibai Iriartek. Bide horretan, Tolosako inauterietako egitaraua osatzen parte hartzen dute herriko eragile guzti-guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, eta baita zezen plazako auziaren inguruan konponbideak lortzeko bileretan lanean aritu diren herritarrei ere.

2014ko festek, hala ere, emango dute sorpresarik. Batetik, Ortzadar elkartearen 75. urteurrenaren harira, Joseba Aparicio oriotarrak egindako pieza joko dute herriko txarangek. Bide beretik, Incansables txarangako Joaquin Ortega Canariok doinu bat sortu du zendutako Txomin Castro Sietemesinoren omenez.

Halaber, inauteriak agurtzeko Sardinaren hiletan ere izango da aldaketarik: Gernikako arbolako lorategietan sardina lurperatu ordez, Gure Txokoa elkarte antolatzailearen inguruan izango da ektialdia, eta erre egingo dute sardina.

Azken lau urteotan egin bezalaxe, Kabi Alai elkarteak aurten ere aukeratu du Inauterizale Kuttuna: Josetxo Guiu eta Juan Ortegari 37 urtetan egindako lana errekonozitu diote, eta txupinazoa botatzeko ohorea izango dute tolosarrek: "Merezitako txupinazoa botako duzue, zorionak", azaldu die alkateak.

Aisialdi taldeetako nahiz Txosna Baztordeko kideek ere azaldu dute beren egitasmoen berri. Aurten, 1.300 neska-mutil kalera irtengo dira 6 aisialdi taldetan, eta Eneritz Yarzak azaldu duenez, "iaz baino kopuru handiagoa izango da". Boluntario gisa lanean aritzen diren begiraleen lana errekonozitzea eskertu, eta ondo pasatzeko deia egin die guztiei. Halaber, Txosna Batzordeko Eider Mintegik karpako egitarau oparoa hizpide izan du: egunero-egunero izango dira kontzertuak, herriko nahiz kanpoko taldeekin.

Festaren graziaz gozatu eta ondo pasatzeko, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu du Tolosako Udalak, (zerbitzu eta ordutegiak hemen ikusgai: http://ataria.info/bereziak/zerbitzuak) eta iaz hondakinekin egindako modu berean, aurten zarataren arazoari heldu diote spot baten bitartez: "Txarangak eta musika dira gure inauterien muin eta bizkarrezur, eta karroza eta konpartsek begirunea izan behar dietela uste dugu".

Horren harira, aipatzekoa da aurten 150 karroza eta konpartsak eman dutela izena, eta iazko moduan, euskara eta parekidetasuna irizpidetzat izango dituzte epaimahaiko kideek, lanak baloratzerakoan.

Ostegun Gizenerako 8 egun besterik geratzen ez diren arren, asteburu honetan bertan hasiko da, Tolosan, jada hainbat herritarren burutan dabilen inaute-giro paregabea: Troika emanaldia, musika eskolako ikasleen kontzertua, Aiz Orratz elkartearen jaialdi eta mozorro lehiaketa, kaldereroak nahiz Tolosako Musika Bandaren pregoi kontzertua. Mozorro festa eta txarangen harra dutenek izango dute, beraz, asetzeko aukera.

Ostegun Gizen egunean, berriz, kanpoan dauden tolosarrek, Tolosako giroa ikusi nahi duten kanpotarrek nahiz kalera irten ezin dutenek, inauterien inguruko saio berezi batez gozatzeko aukera izango du, otsailaren 27an, 11:00etatik aurrera, zuzen-zuzenean. Tolosaldeko Atariaren www.ataria.info webgune honetan bertan nahiz www.tolosakoudala.net webgunean jarraitu ahal izango da, streaming bidez.

Korporazio parekidea, lehen aldiz

Udalaren aurkezpen ofizialaren ondoren, Kabi Alai elkartea joan behar izan dute Inauterizale Kuttunek, han bertan aurkeztu baitute Ostegun Gizeneko korporazio zelebrea. Hain zuzen Kabi Alaiko korporazioa izango da 2014ko inauteriei kutsu berria emango dien egitasmoetako bat. Lehen aldiz emakumeek ere parte hartuko dute Ostegun Gizeneko konpartsan, eta Igor Ezearro zinegotziak goraipatu egin du pausoa: "Poztekoa da berdintasunaren alde lan egin izana inauterietan ere".

Ostegun gizenean bertan, gainera, Sietemesinori egindako pieza estreinakoz joko dute elkartean Incansables txarangako kideek; txarangak datozen hilabeteotan argitaratuko duen diskan ere txertatuko dute Txomin izeneko abestia.

 

IKUSI EGITARAU OFIZIALA ETA TXOZNETAKOA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!