Antolatzaileek ere ez dute ondoegi gogoratzen, merkatu txikia zenbagarren aldiz antolatu duten. Asko dira, ordea, Amarozko auzotarren elkartasun urteak. Igandera bitarte Malpaisilloko (Nikaragua) emakume antolatuen zentrora begira jarriko dira, beraz, merkatu txikiarekin.
Amarozko Auzo Elkarteko Joxepi Artolak azaldu duenez, egitasmoarekin bildutako dirua Kubara bidaltzen hasi ziren lehen urteetan, eta saharar kanpalekuei ere lagundu zieten. Orain, auzotar baten bitartez, Malpaisilloko emakumeen bizitzetan zenbait gauza aldatzen dihardute.
Antolatzaileek beti nabarmentzen dute Nikaraguako komunitate hartan emakumeek duten garrantzia, izan ere, «beti menpekotasun egoeran bizi izan dira han, eta beren askapenaren alde» aritu izan dira, gizonezkoentzako laguntza ere bideratzen duten arren.
Horrela, nabarmentzekoa da Malpaisilloko ia emakume guztiak eskolatu gabekoak izatetik hainbat arlotako ikasketak burutzera pasatu direla: «Alfabetizatzen hasi ziren lehenik, eta asko batxilergoko ikasketak egiteraino iritsi dira. Areago, medikuntza ikasketak egin dituzten batzuek eta, beste zenbaitek, laborantza edo nekazaritza ikasketak. Finean, han beharrezko dutenaren inguruko ikasketak egiten dituzte», dio Joxepi Artola amaroztarrak.
Tolosan bildutako diru laguntzarekin han asko egiten dutela azpimarratu nahi izan dute Amarozko antolatzaileek, eta iaz, esaterako, 4.000 euro inguru jaso zituzten Nikaraguarako. Aurten krisiak nola eragingo dien ez dakiten arren, itxaropentsu daude, eta egunero zabalik izango da kultur etxeko areto nagusia. Astean zehar, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara bitarte zabalik izango da; larunbatean, berriz, 14:00ak arte luzatuko dute merkatua, goizez. Azkenik, igandean, 10:00etatik 14:00etara bitarte izango da zerbait eskuratzeko azken aukera.