'Lasa eta Zabala' filma, gertatu zenaren kontakizun "fidela"

inigoterradillos 2014ko ots. 6a, 09:44
Zinemako kamerez eta bestelako materialez, aktorez, zuzendariez eta abarrez bete zen atzo, Tolosako hilerria. 'Lasa eta Zabala' filmerako grabaketak egiten aritu ziren bigarren egunez.

Herenegun Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hilkutxen iritxieran Ertzaintzarekin sortutako liskarren inguruko grabaketak egin bazituzten, atzokoan, ehorzketa bera grabatu zuten. Eguerdi alderako amaitu zituzten hango lanak, eta arratsaldean Tolosako kaleetan jarraitu zuten, guardia zibilekin osaturiko irudi batzuekin.  


Pablo Malo zuzendariak azaldu duenez, «oso gustura» daude orain arte egindako lanarekin. Herenegun eta atzo grabatutakoen inguruan irudi ugari daude dokumentaturik, eta horiek «oso baliagarriak» egin zaizkiela onartu du zuzendari donostiarrak: «ondo etorri zaigu, horiek irudikatzea izan baita bereziki egin duguna». Izan ere, berak aipatu moduan, «fidel» izan nahi dute gertatu zen guztiarekin, baina, hori bai, «ikusiko dena ez da gertatu zenaren errealitatea izango, ez baita dokumentala, fikzioa baizik». Era berean, «familiarekiko distantzia eta errespetua mantenduz, eta biolentziaren pornografia egin gabe» egin asmo dutela lana adierazi du Malok.
Alde horretatik, filmaren zuzendariak azaldu duenez Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren familiekin maiz bildu da, eta solasaldi ugari izan ditu grabaketekin hasi aurretik: «Familiak hasieratik esan zigun oso lausengatuta sentitzen zirela beraien inguruan film bat egiteagatik. Gertatu zena kontatzeko esan zidaten». Halaber, bi sentimendu kontrajarri izan dituztela familiek adierazi du: «batetik euren historia kontatu eta oroitzeko nahia dago, eta bestetik, oroitzapen horiek guztiak gogoratzeak sortzen duen tristura eta mina».


Bestalde, «erraztasunak ez dituztela izan zenbait erakundeen aldetik» ere onartu du, batez ere grabatzeko lekuei dagokienez: «Ez dut inoiz oztoporik izan, eta, kasu honetan, zein pelikula grabatzeko zen azaltzearekin batera ezezkoa eman digute hainbat erakundek. Hezi gabeko demokrazia batean gauden seinale da».


Erronka «berezia»
Joxe Portela ekoizleak azaldu duenez, finantzaketarekin, proiektua aurkeztean eta filmaren gaia jakitean  izan dira atzera bota direnak, baina, aurreikusten zuten hori gertatuko zela: «Irlandan gertatutakoaz pelikula asko egin dira, antzeko gaiarekin, eta ohituta dago jendea horrelakoak ikustera. Gure kasuan, baina, akusatu batzuk edo gehienak bizirik daude, eta hori inportantea da. Espero dugu, hala ere, pixkanaka filma ikustean zabaltzen joango dela».


Talde tekniko eta artistiko «oso ona» dagoela atzean nabarmendu du Portelak. Hain justu, talde artistikoaren kideetako bat da Iñaki Rikarte. Gasteiztarra Migel Mari Lasa Joxean Lasaren anaiaren paperean jartzen ari da. Ertzaintzarekin izandako istiluak grabatzerakoan beldur apur bat sentitu zuela onartu du: «Izan ere, oso latza izan zen, eta horri errealismo pixka bat ematea ez da erraza, baina oso ondo atera zen eta gustura gaude». Lasa eta Zabala filmean parte hartzea «erronka berezia» dela dio, «egiten ari garen pertsonaiak benetakoak direlako». «Dena den, nahiz eta errespetu handiz egin, film bat dela argi izan behar dugu», gogoratu du.  


Urrian estreinaldia Tolosan
GALek bahitu ondoren erailak izan ziren Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren istorioa kontatuko duen filmaren grabaketek zazpi aste iraungo dute. 2.100.000 euro inguruko aurrekontua izango du, eta maiatzean amaituta eduki nahi dute. Hala, Donostiako Zinemaldian estreinatzea da lantaldearen asmoa. Tolosan, berriz, aurrestreinaldia egingo dute urriaren 15ean, bi tolosarrak bahitu zituztela 31 urte beteko direnean, hain zuzen ere. Gainerako zinemetan urriaren 17tik aurrera izango da ikusgai.

 

 
 

Koldo Seara; figurantea

"Pelikulak berak animatu ninduen figurante moduan parte hartzera"

Lagun batek jakinarazi zion Koldo Seara billabonatarrari Lasa eta Zabala pelikularako figuranteak behar zituztela. Animatu egin zen, eta izena eman zuen aukeraketa egin duten agentzian. Handik egun batzuetara hots egin zioten aukeratuetako bat zela esanez.  

Zure lehendabiziko esperientzia izan al da film batean?
Bai lehenengo aldiz parte hartu dut figurante moduan.

Nolatan animatu zinen kastina egitera?
Pelikulak berak animatu ninduen parte hartzera. Uste dut estreinako aldia dela Euskal Herriko arazoaren inguruan gisa honetako film bat egiten dena, ikuspegi honetatik. Izan ere, kontrako aldetik makina bat egin dira, baina gisa honetakoak ez, eta horregatik egin zitzaidan bereziki interesgarri.

Kastina egin, eta aukeratuetako bat izan zinen.
Bai. Agentziatik deitu zidaten, eta esan zidaten aukeratuetako bat nintzela. Bi egunetan arituko nintzela esan zidaten, eta atzo [herenegun] eta gaur [atzo] egin dituzten grabaketetan hartu dut parte. Tolosako hilerrian hilotzak ekarri zituzteneko istiluak grabatu ditugu, eta bestetik, hilobiratzea bera.

Eta, zer moduzko esperientzia izan da?
Ondo joan da, hala ere, gogorra dela esan beharra dago. Grabaketek luze jotzen dute, eta egon egin behar da bertan. Atzokoa [herenegungoa] bereziki gogorra izan zen, eguraldiarengatik, haizea baitzegoen, eta hotz handia.

Horrelako lanek zinemaren mundua ezagutzeko aukera ematen dute.
Bai, hala da. Gertutik ikusten duzu nola egiten duten lan.

Gogotsu egongo zara pelikula amaitzen dutenean zineman ikusteko, ezta?
Bai. Emaitza ikusteko gogoz nago, batez ere, errealitatea nola irudikatzen duen ikusi nahi dut.

Zure burua bertan ikusiko duzu.
Uste dut oso arraroa egingo zaidala hori.

Nola gogoratzen dituzu zuk parte hartu duzun grabaketako benetako uneak?
Ni oso gaztetxo nintzen orduan, baina, gogoan dut oso une gogorrak izan zirela. Irudiak-eta ikusi izan ditut, eta oso une latzak eta mingarriak izan ziren, ziurrenik Euskal Herrian gertatutako unerik latzenetakoak.

Lehendabiziko esperientziaren ostean beste filmeren batean parte hartzeko prest egongo al zinateke?
Ez dakit animatuko nintzatekeen. Zaila ikusten dut. Agian filmaren arabera pentsatu egingo nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!