'Tolosa, euskararen hiria'

Asier Imaz 2013ko abe. 27a, 16:26
Euskararen erabilera normalizatzeko plangintzarekin eta Galtzaundi Euskara Taldearen adierazpenarekin bat egin dute Bilduk, EAJk eta Aralarrek. PSE-EEren izenean, Jose Ignacio Asensio abstenitu egin da.

Atzoko ohiko udalbatzaren bilkuran ez ziren aurrekontuen gainean soilik aritu udal ordezkariak. Gai zerrendako puntuen artean, euskararekin loturiko bi agertzen ziren. Lehena, euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaren ingurukoa zen. V. Plangintzaldia 2013-2017 urte bitartekoa izango litzateke, eta PSE-EE ez beste alderdi guztiek plangintzaren alde bozkatu zuten. Jose Ignacio Asensio abstenitu egin zen. Ondorengo puntuan, Tolosa, euskararen hiria adierazpena aztertu zuten ordezkari politikoek. Idatzi hori Galtzaundi Euskara Taldeak aurkeztu zuen Tolosako Udalean, atxikimendua eskatuz. Bildu, EAJ eta Aralarko zinegotziek adierazpenaren alde bozkatuz, eure egin zuten. Aurreko puntuan bezala, PSE-EEren ordezkaria abstenitu egin zen.

Udalbatzak onartu zuen adierazpena ondorengoa da:

Tolosa, euskararen hiria
Ezagutzen denetik euskalduna izan da eta da Tolosa. Euskaraz egin da bere kaleetan, euskaraz etxe barru eta lantegietan... Jakin du Tolosak euskarari eusten, euskarari izen ona ematen, euskarazko obra ederrak sortzen eta euskalduntasuna bizirik eta indartsu mantentzen, oztopoak oztopo.
Tolosa, hiria izan da, hiri irekia, tolosar berriak bere egiten jakin duena. Bertako kolore eta zaporeei kanpotik etorritakoak erantsi dizkiena.
Azken hamarkadetan, gainera, modu kezkagarrian euskara galtzen ari zen Tolosak, sekulako aurrerapena egin du, gaur egun bertako haur eta gazte guztiak euskaldun alfabetatuak direlarik. Inoiz ez zuen horrelakorik ezagutu gure hiriak! Erabilerari begira, aldiz, egoera asko hobeto bada ere, lan handia dugu oraindik egiteko.
Tolosa, euskararen hiri. Euskararen historian barrena Tolosak paper garrantzitsua jokatu duelako, Euskal Herriaren bihotzean dagoelako eta leku gutxitan bezalako hobekuntza gertatu delako azken hamarkadetan. Euskal Herriko oso eskualde gutxik dituzte gureak bezalako baldintza soziolinguistikoak erabileran jauzi kuantitatiboak emateko. Horregatik, Tolosa euskararen hiri bilakatzeko momentua iritsi dela iruditzen zaigu.
Eta hiri honetan denok dugu lekua eta zeregina; denon artean eraikiko dugu etorkizuneko euskararen hiria: norberaren jatorri eta hizkuntzatik abiatuta, bazterrean ezer utzi gabe, guztiok partekatuko dugun eta guztiontzako elkargune izango den Euskararen Hiria.
Euskararen alde egotetik, euskara erabiltzeko jauzia emateko ordua iritsi da beraz. Euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzeko; euskarari ate guztiak irekitzeko; komunikazioa, elkarlana eta etxez etxe euskara erabiltzeko bideak zabalduko ditugu. Euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa dugu, biharko 'Tolosa euskararen hiria', gaurtik eraikitzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!