Tolosako udalbatzak 2014ko aurrekontuak onartu ditu

Asier Imaz 2013ko abe. 27a, 16:11
Bildu eta Aralar alderdiaren babesa izan dute aurrekontuek. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. Udalak gizarte politikan oinarritutako zenbakiak direla azpimarratu du. Udalbiltza, UEMA, mankomunitatea, etxebizitza tasatuak eta Berazubiko partzela izan dira eztabaida sortu dutenak, besteak beste.

Tolosak 26 milioi euro inguruko aurrekontuak izango ditu 2014. urterako. Ez dira orain arteko oparoenak, baina Ibai Iriarte alkateak, egungo testuinguru "gogorrean" kokatu zituen atzo egin zuten ohiko bilkuran. Egun, udaletara diru gutxiago bideratzen dela esan zuen Iriartek, baina hala eta guztiz ere, legealdi honetan murrizketa bakar bat ere ez dutela egin argi utzi nahi izan zuen Tolosako alkateak. Gizarte laguntza eta zerbitzuetara bideratuko den diru kopuruak, goraka egingo duela gaineratu zuen Ibai Iriartek, horregatik, aurrekontu hauek egiterako unean, oinarri-oinarrian gizarte politikak egon direla esan zuen Tolosako Udalak: "Murrizketa politika ez da egokia egoera honetatik irteteko. Orain, inoiz baino gehiago, administrazioak indartsu egon beharra dauka, herritarrei zerbitzuak eskaintzeko".

Atzoko bilkuran, Lore Agirre alkate ordeak hartu zuen 2014ko aurrekontuen ildo nagusiak azaltzeko ardura. Behar larriak dituzten pertsonei eta familiei laguntzeko poltsa %15 igoko dela esan zuen Agirrek. Horrez gain, krisiari aurre egiteko 900.000 euro inguru bideratuko dituztela gaineratu zuen alkate ordeak.

Parekidetasunari dagokionean, eskoletan lanean jarraitzeko Hezkidetza ekimena, udal departamentuetan genero politiketan transbertsalitatea eta III. Berdintasun plana aipatu zituen Agirrek.

Puntu garrantzitsuenen artean etxebizitza plana azpimarratu zuen alkate ordeak: "Aurrekontuetan, etxebizitza eskubidea gauzatzeko, etxebizitza hutsak merkaturatzeko ekintzak proposatzen dira". Horretarako, udalak hiru lan ildo jarraituko dituela aurreratu zuen Agirrek. Egoera txarrean dauden etxebizitzak berritzea, ondoren, alokairua edo etxebizitza kooperatibak sustatzeko. Egoera onean dauden etxebizitzak ere merkaturatu nahi dituzte, alokairua bultzatuz. Azkenik, Alde Zaharrera mugatutako laguntzak aipatu zituen Lore Agirrek. 

Aurreko puntua bezain garrantzitsutzat jo zuen alkate ordeak inbertsioen atala. Zazpi ekimen aipatu zituen atal honen barruan Agirrek. Horien artean, Amaiur parkea estaltzeko proiektua, hondakinak biltzeko sistema berria, landa auzoetara bideraturiko ekimenak edo Berazubiko bigarren fasea zeuden.

Tolosako alkate ordearen esanetan, aurrekontu hauek osatzerako unean herritarren parte hartzea garrantzitsua izan zen. Alde batetik, parte hartze hori bultzatzeko ekimen berriak mahai gainean jarriko dituztela esan zuen Agirrek. Bestetik, orain arte jasotako ekarpenak aurrekontuetan isla izango dutela azaldu zuen alkate ordeak. Horren adibideetako bat Tolosaren mantenurako plana izango da, herritarren eskakizunei jarraituz.

Udala osatzen duten Bilduko eta Aralarko hautetsiak aurrekontuekin gustura agertu ziren. EAJ eta PSE-EE ez horrenbeste, eta ondorioz, euren ekarpenak egin nahi izan zituzten atzoko bilkuran.

Jokin Azkuek hitz egin zuen EAJko udal taldearen izenean. Hondakinen kudeaketa izan zuen lehenik eta behin hizpide, arlo honetan udalak bere gain hartzen dituen koste guztiak onargarriak ez direla esateko. Azkuek diru hori oso osorik Bidebietara bideratzea eskatu zuen. Lehenik kudeaketa berria zein izango den adostu behar dela esan zuen EAJren ordezkariak, eta ondoren, kreditu aldaketa baten bidez posible izango zela arlo horretara bideratzea. UEMAri kuota ordaintzearekin ere ez zen ados agertu Azkue. Atxikimendua azaltzearekin ados zegoen EAJko kidea, baina hizkuntza normalizazioan, bertara bideratuko den diruaren etekinik Tolosan ez dela islatuko esan zuen Azkuek. Berazubiko partzela saltzeko udalak dituen asmoekin ere ez zuen bat egin hautetsi jeltzaleak. Garai hobeen zain, geldirik egotea eskatu zuen Azkuek.

Jose Ignacio Asensio PSE-EEren zinegotziak hasieratik esan zuen aurrekontuekin ez zegoela ados, eta bere botoa, ezezkoa izango zela. Aurrekontuak inbertsioen atalean "oso kaxkar" gelditu zirela esan zuen Asensiok: "Hondakinen kudeaketarako ekipamendua erosteko diru hori, beste inbertsio batzuetarako erabiliko genuen guk, Bidebieta eta San Esteban auzoa berritzeko, edo Berazubi estadioaren bigarren fasearekin hasteko". UEMAri egingo zaioen ekarpenarekin edo mankomunitatearentzat bideraturiko diru kopuruarekin ere ez zen ados agertu PSE-EEko kidea. Enplegu planak igoera izan duela onartu zuen Asensiok, baina oraindik eta gehiago eskatu zuen. Azkenik, emergentzia planetarako diru kopuru bat utzi beharko litzatekeela aldarrikatu zuen PSE-EEren zinegotziak.

Erlazionatuak

'Tolosa, euskararen hiria'

Asier Imaz 2013 abe 27 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!