Uzturreko basoak berreskuratzen

IƱigo Terradillos 2013ko abe. 18a, 19:18
Tolosako Udala Uzturreko zuhaitz eta basoak berreskuratzeko proiektua ari da garatzen, Foru Aldundiaren laguntzarekin

Tolosako Udala «herrian azken hamarkadetan biodibertsitatearen alde egindako egitasmo garrantzitsuena» ari da burutzen Uzturre mendian. Hain zuzen ere, udalaren jabetza den 24,4 hektareako lursailean zuhaitz eta basoak berreskuratzeko proiektua ari da garatzen urriaz geroztik. Horretarako, egun aurkitzen diren pinuak ateratzen ari dira, eta ondoren, bertako berezko zuhaitzak landatzeko asmoa dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Naturtzaindiaren laguntza du egitasmoak, eta hiru edo lau hilabeteren buruan lehen fasea amaitzea espero dute.  
Radiatak eta larizioak dira ateratzen ari diren pinuak, eta horretarako airezko kable  sistema ari dira erabiltzen, garabi baten bitartez eta kable batekin. Tolosako Bimendi enpresa ari da lanak egiten. Sei urte daramatza gisa honetako lanekin, batik bat Euskal Herrian, baina, baita Espainian, Herrialde Katalanetan edota Frantzian ere. Enpresako arduradunek azaldu dutenez, zuhaitzak ateratzeko sistema horrekin lursaila «askoz gutxiago» hondatzen da, pinuak airean etortzen baitira. «Arrastaka eramanez gero, zuhaitz eta landare gehiago hausten dira; gainera, pistarik ireki gabe egin ahal da lan horrela, pistak irekitzeak ekar ditzakeen ondorioak ekidinez, ubideak ezeztatzea, esaterako». Lur sail honen gisakoetan, hau da, aldapatsuetan sistema hau erabili ohi dela, gaur egun azaldu dute. Uzturreko eremuan 5.000-6.000 pinu aterako dituzte. Horiek neurriaren arabera ari dira sailkatzen, eta ondoren, argindar zutoinetarako, paper fabriketarako edota paletetarako erabiliko dituzte.

Hiru fasetan banatua
Uzturre eta Belabieta artean eratzen den mendikatea Gipuzkoako erdiguneko korridore ekologikoaren zati da, eta Uzturreko gune horretan berezko basoa berreskuratzeak biodibertsitatean eragin positiboa izango duela azaldu du Hasier De los Rios Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak. «Proiektu honi esker, epe ertainera, Tolosatik Uzturreko ikuspegia aldatuko da, eta pinudiaren ordez baso autoktonoa ikusi ahal izango da», adierazi du.  
Bada, eremu horretako pinuak ateratzen ari dira une honetan, eta hori proiektuaren lehen fasea da, basoa berreskuratzeko egitasmoak hiru atal nagusi baititu: Pinuak atera, eta hauen ordez bertako landareak landatu ostean, lehen fasea amaitutakoan, alegia, bertan aurkitzen den baliozko ondarea berreskuratu asmo dute, guztia ikusteko moduan jarriz: Miserikordia zaharreko baratzak harriz egindako terrazetan, telegrafo optikoa eta erietxe zaharreko arrastoak, besteak beste. Azken fasean, erabilera publikorako egokitu nahi dute ingurunea, seinaleak edota informazio panelak jarriz, esaterako.

Egoera «txarrean»
Berreskuratu nahi duten lur saila gaur egun Tolosako Udalarena da, baina lehenago Miserikordia edo San Inazio Erietxearen lursaila izan zen. 1966. urtean Miserikordia etxeak Estatuko baso ondarearekin kontsortzio bat sinatu zuen, bertan landaketa egiteko. Kontsortzio horren iraupena landaketaren aprobetxamendu nagusia egin artekoa zen.
1966ko neguan Estatuko Baso Ondareak lursail horien landaketa egin zuen, 24,4 hektarea dituen lursailean. Gutxi gora behera, heren batean radiata pinua landatu zuen eta beste guztia larizio pinua. 1989. urtean baso garbiketa bat egin zuten, baina ordutik gaur egunera arte, ez dute beste lanik egin eremuan. Beraz, 56 urte pasa dira landaketa egin zenetik, eta oro har, nahiko egoera txarrean daudela pinudiak azaldu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!