Tolosa Eskubaloi taldeak ezin izan du Bidasoa garaitu Euskal Kopako final laurdenetan. Atzokoa, ez zen partida erraza Kike Mujikaren mutilentzat, parean aurkari sendoa baitzuten. Entrenatzaileak berak ere hori nabarmendu zuen partidaren amaieran: "beste maila batean daudela erakutsi dute".
Irundarrak nagusi izan ziren markagailuan lehen minututik azkeneraino. Lehen 15 minutuetan baino ez zuten lortu tolosarrek aurkaria estutzea. Defentsan gogor eta atepean seguru zen atezaina, baina gol ederrak lortu zituzten urdinek. Hala ere, lehen zatiaren erditik aurrera bidasoarrak euren kalitatea eta indarra erakutsi zuten eta aldea areagotuz joan zen. Bigarren zatian aldea areagotu zuten Fernando Bolearen mutilek. Azkenean, 24-37 amaitu zen partida.
Emaitza gutxienekoa izan zen, atzo Usabal kiroldegian festa itzela bizi izan baitzen. 600 pertsona inguru bildu ziren eta giro bikaina izan zen harmailetan. Zaleek txalo artean agurtu zituzten tolosarrak. Jokalariak eta entrenatzailea ere gustura azaldu ziren: "Gaur gehienbat disfrutatzera etorri gara, eta disfrutatu dugu". "Asobal ligako talde bati 24 gol sartzea ondo dagoela uste dut" aipatu zuen Kike Mujika entrenatzaileak.