Hego Afrikako herritarrei doluminak Tolosatik

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abenduaren 6a

Nelson Mandelaren heriotza dela eta, Tolosako Udalak dolumin-adierazpena idatzi du, eta udaletxeko balkoian Hego Afrikako bandera zintzilikatu dute.

Atzo hil zen Nelson Mandela, eta Hego Afrikako herritarrei doluminak eman nahi izan dizkio Tolosako Udalak ere. Beren bandera udaletxeko balkoitik zintzilikatzearekin batera, Jarraian datorren adierazpena plazaratu dute.

 

Atzo hil zen Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohi eta bakearen Nobel sariduna. Nelson Mandela apartheidaren aurkako borrokalari kementsu eta Hego Afrikako herritarrek demokratikoki hautaturiko lehen presidentea izan zen. Bere herriaren maitasuna eta munduaren begirunea lortu zuen buruzagi handiak eta orain, bere heriotzak hutsune handia uzten du bere herrialdean eta Afrika osoan.

Horregatik, Tolosako udalak bere dolumin sentikorrenak adierazi nahi dizkio Hego Afrikako herri eta agintariei, eta bereziki ANC alderdiari eta apartheidaren aurkako mugimenduari. Hala, Hego Afrikako bandera, xingola beltza duela, zintzilikatu da udaletxeko Areto Nagusiko balkoiean. 

Era berean, Udalak txalotu nahi du, bere bizitza osoan zehar, eta unean uneko borroka molde ezberdinak baliatuz, Mandelak bere herriaren askatasunaren alde garaturiko borroka nekaezina. Baina adierazi ere, Mandela hil bada ere, berak irudikatzen duen justizia soziala eta aukera berdintasunaren aldeko borroka ez dela amaitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!