Gastronomiazaleek beteko dute Tolosa, bihartik aurrera

Itzea Urkizu 2013ko abe. 5a, 16:35
Aurten, otordu bakoitzean 150 lagunek jango dute Zerkausian.
Zerkausiko txuleta festako ia bazkari txartel guztiak agortu dira, eta afaritarako lekua geratzen da.

Hiru eguneko zubia gastronomiaren festa bilakatuko da Tolosan, bihartik aurrera, Txuleta festaren harira. Zerkausia jatetxe erraldoi bilakatuko da aurten ere, eta eskainiko dituzten bost otordutatik bi bazkaritarako txartelak agortu dira jada.

Tolosaldea Tour-eko Olatz Illarregik azaldu duenez, igandeko bazkarirako bada oraindik txartelen bat edo beste eta, gainerakoan, Txuleta festako jakiak dastatu nahi dituenak afari-txartelak eskuratu beharko ditu.

Sabela betetzeko kontuetan krisiak hainbesteko eraginik ez duela dirudi horrela, baina Illarregik dioenez, iaz nabaritu zuten beherakada, aurreko urteekin alderatuta: «Egia esan aldaketa nabarmenena iaz izan zen, eta ekonomiaren egoera txartelen salmetan islatu zen».

Horregatik, aurten gehiago mugatu dituzte Zerkausiko erretegi berezian jateko eserlekuak: «150 eserleku izango dira aurten, eta txartelen salmenta bermatzeaz gain, bertan lanean ibiliko direnek ere erosoago aritu ahal izango dute, lasaiago». Herritarren ekonomiaz harago, azken urteotan ohitura aldaketa bat ere nabaritu dutela dio Illarregik, bazkarien arrakastari dagokionez: «Badirudi jendeak bere ohiturak aldatu dituela, eta bazkariek hobeto funtzionatzen dute. Behar bada otorduaren ondoren autoa hartu behar izateak eragina du horretan, izan ere, kanpotik jende asko etortzen da jatera, eta erosoagoa da lasai bazkaldu eta iluntzean autoa hartzea».

Ohiturak ohitura, Txuleta festa hainbat txokotako gastronomiazaleentzako hitzordu erakargarri bilakatu da. Horren erakusle dira, Euskal Herritik harago Tolosara etorriko diren herritarrak: «Madrildik, Bartzelonatik, Asturiastik eta Valladolidetik erreserbak egin dituzte, eta Palentziatik autobus oso bat etorriko da, bidaia agentzia baten eskutik».

Zer dastatua, zer erosia eta zer ikusia izango da, beraz, bihartik igandera bitarte Tolosan, zesta punta eta pilota partidak, dendak, musika emanaldiak, aeromodelismo erakustaldiak, idi demak eta ganadu azokak tarteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!